Bizkaiko Foru Aldundiaren 31/2018 Foru Dekretua, martxoaren 13koa, Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Forala arautzen duena.
Departamentua: Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila
Maila: BFA Foru Dekretua
Finkapen-data: 2018/03/19
Fecha de disposición: 2018-03-13
Fecha de publicación: 2018-03-19
Bizkaiko Foru Aldundiaren 2010eko irailaren 29ko 102/2010 Foru Dekretuaren bidez, Kontratuei Buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Forala sortu zen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko abenduaren 11ko 2007/66/EE Zuzentarauaren (EBAO- L, abenduak 20) jasotako aurreikuspenen ondorioz. Zuzentarau horrek Kontseiluaren 89/665/EEE eta 92/13/EEE zuzentarauak aldatzen ditu, kontratu publikoen adjudikazioei errekurtsoak aurkezteko prozeduren eraginkortasuna hobetzeari dagokionez. 2010eko abuztuaren 5eko 34/2010 Legeak —zeinak hiru lege aldatzen baititu: 2007ko urriaren 30eko 30/2007 Legea, Sektore Publikoko Kontratuena; 2007ko urriaren 30eko 31/2007 Legea, uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzkoa, eta 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena— jaso zituen aldaketa horiek.
Xedea zen, batetik, gardentasuna eta diskriminaziorik eza gehiago bermatzea, eta, bestetik, botere adjudikatzaileek eta erakunde kontratatzaileek harturiko erabakien kontrako baliabide eraginkor eta azkarrak eskaintzea.
Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak Espainiako ordenamendu juridikora ekartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak. Lege horrek mantendu egiten du kontratazio-arloko errekurtso bereziaren araubidea, baina zabaldu egiten du haren ezarpen-eremua. Halaber, kontratuei buruzko errekurtsoen auzitegi administratibo foralen eskumena jasotzen du, lurralde historikoetan egiten den kontratazioari dagokionez. Bizkaiko Foru Aldundiaren 2010eko irailaren 29ko 102/2010 Foru Dekretuan xedatutakoa eguneratu eta egokitzeko, foru dekretu hau onartzen da, auzitegi horren atxikipen organikoa, osaera eta eginkizunak arautzeko. Helburu nagusia da auzitegiaren independentzia funtzionala, auzitegiko kideen prestakuntza tekniko eta profesional handia eta, agintaldiak dirauen bitartean, haien mugiezintasuna bermatzea, bai eta gorago aipatu diren arauetan ezartzen diren beste eskakizunak ere.
Horregatik, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2018ko martxoaren 13ko bileran aztertu eta onetsi ondoren, hau
1. Artikulua Organo eskuduna eta atxikipena
1. Foru-sektore publikoko botere adjudikatzaileen esparruan, kontratuei buruzko errekurtsoen auzitegi administratibo foralen eskumena izango da kontratazio-arloko errekurtso berezia aztertu eta ebaztea.
2. Auzitegia Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailari atxiki zaio, baina haren egitura hierarkikoan sartu gabe.
2. Artikulua Eskumenak
1. Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foralaren eskumena da sektore publikoko kontratuei buruzko errekurtsoak aztertu eta ebaztea, kontratuotan alderdietako bat bada Bizkaiko Foru Aldundia edo haren mendeko organoren bat edo hari loturiko organoren bat, eta, bereziki, foru erakunde autonomoak edo foru sozietate publikoak edota haren kontrolpean dauden botere adjudikatzaileetako edozein alderdietako bat direnean.
2. Horrez gainera, Auzitegiak eskumena du administrazio publiko ez diren botere adjudikatzaileen egintzen aurka jarritako errekurtsoei eta diruz lagundutako kontratuei dagokienez, Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 47. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3. Zehatzago, Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foralaren ardurapekoak dira:
3.1. Artikulu honen 3.2 zenbakian aipatutako egintzak eta erabakiak, haien xedea Foru Administrazioak edo botere adjudikatzaile diren gainerako erakundeek egin nahi dituzten kontratu hauek direnean:
- a) Hiru milioi eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra-kontratuak, eta ehun mila eurotik gorako balio zenbatetsia duten hornidura-kontratuak eta zerbitzu- kontratuak.
- b) Aurreko letran zehaztutako kontratuetako bat egiteko diren edo haietan oinarritutako kontratuak egiteko diren esparru-akordioak eta eskuratzeko sistema dinamikoak.
- c) Hiru milioi eurotik gorako balio zenbatetsia duten obrak emateko kontratuak edo zerbitzuak emateko kontratuak. Orobat, errekurtsoa jarri ahal izango da administrazio-kontratu berezien aurka, haien ezaugarriengatik lizitazioaren prezioa finkatu ezin bada, edo, bestela, haien balio zenbatetsia zerbitzu-kontratuetarako ezarritakoa baino handiagoa bada. Halaber, kontratazio- arloko errekurtso berezia jarri ahal izango da Sektore Publikoaren Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 23. artikuluan aipatzen diren diruz lagundutako kontratuen aurka, eta enkarguen aurka, haien ezaugarriengatik haien zenbatekoa finkatu ezin bada, edo, bestela, enkarguaren iraupen osoa eta luzapenak kontuan hartuta, zenbateko hori zerbitzu- kontratuetarako ezarritakoa edo handiagoa bada.
3.2. Errekurtsoa jarri ahal izango da jarduketa hauen aurka:
- a) Kontratazioa arautu behar duten baldintzak ezartzen dituzten lizitazio-iragarkien, baldintzen agirien eta kontratu-agirien aurka.
- b) Adjudikazio-prozeduran onartutako izapide-egintzen aurka, baldin eta egintza horiek, zuzenean edo zeharka, esleipenari buruz erabakitzen badute, prozedurak aurrera jarraitzea eragozten badute edo eskubide zein interes legitimoetan defentsa-gabezia edo kalte konponezina sortzen badute. Edonola ere, aurreko inguruabarrak daudela ulertuko da kontratazio-mahaiaren edo organoaren egintza hauetan: hautagaiak edo lizitatzaileak onartzea edo ez onartzea erabakitzeko egintzetan, edo eskaintzak onartzea edo baztertzea erabakitzeko egintzetan, Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 149. artikulua aplikatzearen ondorioz baxuegiak izateagatik baztertzen diren eskaintzak barne.
- c) Adjudikazio-erabakien aurka.
- d) Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 204. eta 205. artikuluan ezarritako ez-betetzeetan oinarritutako aldaketen aurka, aldaketaren ondorioz beste adjudikazio bat egin behar zela uste denean.
- e) Bitarteko propioei egindako enkarguak formalizatzearen aurka, legezko baldintzak betetzen ez dituztenean.
- f) Emakidak berreskuratzeko erabakien aurka.
3.3. Aurreko 3.2 zenbakian aipatutako egintzez bestelakoei eragiten dieten izapidetze-akatsak espedientearen instrukzioaren ardura duen organoari edo kontratazio-organoari jakinarazi ahal dizkiote interesdunek, zuzenbidearen arabera zuzenduak izan daitezen. Nolanahi ere, interesdunek aukera izango dute eragiten dieten irregulartasunak alegatzeko, adjudikazio- egintzaren aurkako errekurtsoa jartzen dutenean.
3.4. Larrialdiko izapidetzearen bidez egiten diren adjudikazio-prozeduretan ez da errekurtso hau erabiliko.
3.5. Artikulu honetan errekurtso bereziaren bidez aurkaratzeko modukotzat jasotako jarduketen aurka ezingo da administrazio-errekurtso arruntik aurkeztu.
3.6. Administrazio publikoen kontratuak adjudikatzeko prozeduretan emandako egintzen aurka, 3.1 zenbakian jasotako baldintzak betetzen ez dituztenean, errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera. Administrazio publiko ez diren botere adjudikatzaileek egindako jarduketen kasuan, administrazio-bidean jarriko da errekurtsoa,
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren bat etorrita. Erakunde kontratatzailea atxikita dagoen edo haren tutoretza duen sail, organo, ente edo organismoko titularrari aurkeztuko zaio errekurtsoa. Erakunde kontratatzailea administrazio bati baino gehiagori lotuta badago, kontrol edo partaidetza handiena duen administrazioko dagokion organoak izango du eskumena.
3.7. Kontratazio-arloko errekurtso berezia aukerakoa izango da, eta doakoa izango da errekurtso-jartzaileentzat.
3. Artikulua Espezializazioa eta independentzia funtzionala
Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Forala organo espezializatua da, eta independentzia funtzional osoz jarduten du bere eskumenak erabiltzean.
4. Artikulua Auzitegiko kideen mugiezintasuna
1. Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foraleko kideak mugiezinak dira.
2. Auzitegiko kideak arrazoi hauetako batengatik baino ezin dira kendu kargutik:
- a) Agintaldia amaitu delako.
- b) Uko egin diotelako eta Gobernu Kontseiluak uko egitea onartu duelako.
- c) Espainiar nazionalitatea galdu dutelako.
- d) Beren betebeharrei dagokienez, ez-betetze larri bat egiten dutelako.
- e) Epai irmo baten bidez, delitu bat dela eta, askatasunaz gabetzeko zigorra edo enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza absolutu edo berezia ezarri zaielako.
- f) Kargua hartu ondoren sortutako arrazoiengatik, beren eginkizuna betetzeko ezintasuna dutelako.
Gobernu Kontseiluak hartuko du c), d), e) eta f) letretan ezarritako arrazoiak direla-eta kargutik kentzeko erabakia, espedientea instruitu ondoren.
5. Artikulua Objektibotasuna, inpartzialtasuna eta isiltasuna
1. Auzitegiko kideek objektibotasunez eta inpartzialtasunez beteko dute beren eginkizuna, Foru Aldundiko organoekiko ezein lotura hierarkikorik gabe, eta haiengandik jarraibiderik jaso gabe.
2. Inhibitu egin beharko dute Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren arloko legedian abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoietakoren bat gertatzen bada.
3. Auzitegiko edozein kidek aurreko zenbakian ezarritako kasuren bat dagoela jakinez gero, auzitegiari jakinarazi beharko dio, auzitegiak erabaki dezan, kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuta, ea kide hori abstenitu behar den ala ez gai horren azterketan eta bozketan. Auzia aurkezten den saio berean hartuko du auzitegiak dagokion erabakia, aldez aurreko txostenaren beharrik gabe. Abstentzio-arrazoiren bat izan dezaketen kideek ezingo dute parterik hartu arrazoi horren gainean auzitegiak egiten dituen azterketan, eztabaidan eta bozketan, eta auzitegiak gai horri buruz hartzen duen erabakia loteslea izango da haientzat.
4. Auzitegiko kideek isilpean gorde behar dituzte proposamenak, hartutako erabakiak eta kontsultarako aurkeztutako gaiak, harik eta eskumena duen organoak gaioi buruzko erabakia hartu arte. Beti izango dituzte sekretupean auzitegiak hartutako ebazpenen inguruan egindako eztabaidak eta emandako botoak.
6. Artikulua Kide kopurua
Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foralak presidente bat eta bi kide izango ditu.
Auzitegiak aztertzeko dituen gaien kopurua kontuan hartuta, auzitegia osatzen duten kideen kopurua handitu egin daiteke, Foru Aldundiaren erabaki bidez; hala ere, kideen kopuruak beti izan behar du bakoitia.
Auzitegiko kideetako bat kanpoan edo gaixorik dagoenean edo, zerbitzu aktiboa uzteko arrazoirik gabe, hilabetetik gorako epean dagozkion eginkizunak betetzeko ezintasuna duenean, presidentearen eta kideak automatikoki ordeztuko dira, ezarritako hurrenkeraren arabera.
7. Artikulua Berritzea
Auzitegia sei urterik behin berrituko da; berritze bakoitzean, kide bat aldatuko da. Kargua utzi behar duten kideek eginkizunak betetzen jarraituko dute, haien lekua hartuko duena karguaz jabetu arte.
8. Artikulua Izendapena
1. Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foraleko presidentea Bizkaiko Foru Aldundiko karrerako funtzionarioa izan behar da, eta baldintza hauek bete behar ditu: A taldeko kidego edo eskala batekoa izatea, Zuzenbidean lizentziaduna edo graduduna, eta hamabost urte baino gehiagoko esperientzia profesionala izatea (lehentasuna izango du esperientzia profesionala kontratazio publikoari loturiko Zuzenbide Administratiboan duenak).
2. Gobernu Kontseiluak izendatuko du, foru dekretu bidez, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak proposatuta. Sei urterako izendatuko du.
9. Artikulua Eginkizunak
1. Presidentearen eginkizunak dira administrazio publikoetako kide anitzeko organoentzat oro har jasotzen direnak, eta, zehazki, honako hauek:
- a) Auzitegiaren ordezkari arrunta izatea eta auzitegiaren bileren deialdia egitea.
- b) Auzitegiaren jarduerak antolatzea, kideei kontsulta egin ondoren.
- c) Bileretarako deia egitea, eta bileretan buru izatea; gai-zerrenda zehaztea, eta zerrendan ez dauden beste gai batzuk proposatzea, hala egin behar dela justifikatzen duten presazko arrazoiak egonez gero.
- d) Gai bakoitzerako txostengilea izendatzea, auzitegiak berak onarturiko irizpideen arabera, eta auzitegiko kideen lan-karga orekatua dela zaintzea.
- e) Organoaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.
- f) Laguntzaileen laguntza eskatzea administrazio lanak edo lan teknikoak egiteko.
- g) Indarrean dagoen araudiak ematen dizkion gainerakoak.
2. Presidenteak, edo haren ordezkoak, honako betebehar hauek izango ditu bileretan:
- a) Bilerei hasiera eta amaiera ematea.
- b) Eztabaidak zuzendu eta antolatzea.
- c) Bere botoaren bidez berdinketak ebaztea, erabakiak hartzeko.
3. Artikulu honen 1. zenbakian jasotako ahalmenak edozein kideren esku utz daitezke, a) letran ezarritakoa izan ezik.
Eskuordetze espresurik ez badago, presidentea izendatu gabe dagoenean, kanpoan edo gaixorik dagoenean, abstenitu behar denean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean, ezarritako hurrenkeraren arabera ordeztuko da presidentea.
10. ArtikuluaIzendapena
1. Auzitegiko kideak Bizkaiko Foru Aldundiko karrerako funtzionarioak izan behar dira, eta baldintza hauek bete behar dituzte: A taldeko kidego edo eskala batekoak izatea, Zuzenbidean lizentziadunak edo gradudunak, eta zortzi urte baino gehiagoko esperientzia profesionala izatea (lehentasuna izango dute esperientzia profesionala kontratazio publikoari loturiko Zuzenbide Administratiboan dutenak).
2. Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu kideak, foru dekretu bidez, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak proposatuta. Sei urterako izendatuko ditu.
3. Kideen eginkizunak dira administrazio publikoetako kide anitzeko organoentzat oro har jasotzen direnak.
11. Artikulua Eginkizunak
Auzitegiko kideen eginkizunak dira hauek:
- a) Bileretarako deialdia jasotzea, gai-zerrendarekin batera. Gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko informazioa eskura izango dute.
- b) Txostengile izendatu dituzten gaietan, gaiei buruzko ebazpen-proposamenak idaztea eta auzitegiari aurkeztea.
- c) Bileretara joatea eta eztabaidetan parte hartzea.
- d) Botoa emateko eskubidea erabiltzea, boto partikularra ematea (gehiengoarekin bat etorrita edo haren kontra) eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.
- e) Galderak eta eskaerak egitea.
- f) Emandako eginkizunak betetzeko behar den informazioa lortzea.
- g) Kide izateagatik berezkoak dituzten bestelako eginkizun guztiak.
12. Artikulua Idazkari orokorra
1. Auzitegiak idazkari orokor bat izango du; kideetako bat izendatuko dute idazkari, organoaren erabaki baten bidez.
Idazkari orokorrak botoa emateko eskubidea du, auzitegiko kide izanik, eskubide osoko kidea delako (12.1 artikulua); hori dela eta, 10, 11, 14 eta 15. artikuluetan ezarritako guztia aplikatu behar zaio.
2. Kargua bete gabe dagoenean, kanpoan edo gaixorik dagoenean, dagokion kideak ordezkatuko du idazkari orokorra, ezarritako hurrenkeraren arabera.
3. Auzitegiko idazkari orokorrak eginkizun hauek ditu:
- a) Bileretako gai-zerrenda prestatu eta bidaltzea, aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentazioarekin batera.
- b) Presidenteak aginduta, auzitegiaren bileretarako deialdia egitea eta kideei deia bidaltzea.
- c) Bileretako aktak idatzi eta baimentzea.
- d) Presidenteak aginduta eta haren oniritziarekin, akten, ebazpenen eta erabakien ziurtagiriak ematea.
- e) Auzitegiari helarazten zaizkion kontsulta, espediente eta gainerako agiriak jasotzea eta sarrera-irteeren erregistroaz arduratzea.
- f) Kide anitzeko organo bateko idazkari orokor bati dagozkion gainerako eginkizunak eta auzitegiak edo barne-funtzionamendurako erregelamenduak emandakoak.
4. Halaber, idazkari orokorrak egingo du Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Forala jardueren eta hark emaniko doktrinaren laburpenen urteko memoriaren proiektua. Memoria osoko bilkuran onartuko du Auzitegiak.
13. Artikulua Bileren deialdia
1. Auzitegiak, aztergai dituen gaien kopuruari eta izaerari begiratuta, behar beste aldiz egingo ditu bilerak, presidenteak erabakitzen duen programazioaren arabera.
2. Deialdia auzitegiko kide guztiei egin beharko zaie.
3. Bileraren deialdia baino lehen, gai-zerrenda, aztertu beharreko gaien gaineko dokumentazioa eta eztabaidatuko diren gaiei buruzko ebazpen- edo erabaki-proposamenen kopiak bidaliko dira.
14. Artikulua Auzitegia osatzeko eta erabakiak hartzeko quoruma
1. Auzitegia baliozkotasunez eratzeko, nahikoa da presidentea eta idazkari orokorra, edo haien ordezkoak, bertaratzea.
2. Bertaratutakoen botoen gehiengoa beharko da erabakiak hartzeko. Berdinketarik egonez gero, presidentearen kalitateko botoak erabakiko du.
3. Bileran den kide bakoitzak bere botoaren esanahia adierazi beharko dio presidenteari, eta boto hori bakarrik izan daiteke bozkatzeko aurkeztu den ebazpen edo erabakiaren aldekoa edo kontrakoa.
Bozketan, ez da abstentziorik onartuko (5.3 artikuluan jasotako kasuan izan ezik), eta, halaber, ezingo zaizkie ebazpen eta erabakiei erreserbarik, baldintzarik edo ñabardurarik jarri, ez baldin badira boto partikularren bitartez egiten.
15. Artikulua Boto partikularrak
1. Auzitegiko kideek boto partikularra eman ahalko dute gehiengoaren erabaki baten kontra, betiere bilera bukatu baino lehen adierazten badute.
2. Boto partikularrek ebazpenaren kontrako edo aldeko izan behar dute, eta ezingo dira oinarritu haiei dagokien bileran adierazi ez diren arrazoietan. Idazkariari bidali behar zaizkio idatziz, ebazpena behin betiko idatzi eta bost eguneko epean gehienez ere, eta ebazpenari berari gehituko zaizkio.
3. Boto partikularra eman nahi dutela adierazten dutenek bat egin dezakete beste kideren batek emandakoarekin, eta, hala, boto partikularra emateari uko egin.
16. Artikulua Akta
1. Auzitegiaren erabakiak akta batean jaso behar dira, zeinak honako hauek bildu behar baititu labur-zehatz: bileraren data, bertaratu direnak eta egon ez direnak, zer erabaki hartu diren; kideek adierazitako boto partikularrak eta beste bilera baterako utzitako gaiak.
2. Aktak bileraren amaieran edo hurrengo bileran onartuko dira, eta idazkari orokorrak eta presidenteak izenpetuko dituzte.
17. Artikulua Errekurtsoak abiarazi, izapidetu eta ebaztea
Kontratuei buruzko errekurtsoak jarri, izapidetu eta ebazteko, kontratazio administratiboari buruzko araudian beren-beregi ezarritako prozedura erabiliko da, eta, zehazki, Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legean xedatutakoa beteko da.
18. Artikulua Arau osagarriak
Aurreko artikuluan ezarrita ez dauden alderdietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legea ezarri beharko dira.
19. Artikulua Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foralaren ebazpenak eta egintzak aurkaratzea
Sektore Publikoko Kontratuen 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 59. artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoa dela bide, Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foralak ematen dituen ebazpen eta egintzen aurka ezin da aurkeztu errekurtsorik administrazio-bidean; haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezingo da aurkeztu.
Auzitegiaren ebazpen baten aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen denean, auzitegi jurisdikzionalak administrazio-espedientea eskatzeko bidalitako eginbidea jaso ondoren, errekurtsoaren xede izan den egintza egin duen kontratazio-organoa epatuko du auzitegiak, salan ager dadin. Gauza bera egingo du prozeduran agertutako gainerakoekin. Epatzea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 49 artikuluan ezarritako eran egingo da.
Auzitegiaren erabakien aurka jarritako errekurtsoen kasuan, auzitegi horretako kide den letratua arduratuko du ordezkaritzaz eta defentsa juridikoaz. Presidenteak izendatutako du letratu hori.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Foru dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, hauek izango dira auzitegiko kideak: Antón Maturana Pérez jauna izango da presidentea, eta Julen Eguiluz Olano jauna eta Itziar Arambarri León andrea, kideak. Azkena, idazkari orokorra izango da ere. Ordezko kideak hauek izango dira, hurrenkera honetan: María Ángeles Aransay Arroyo andrea, Jorge Alciturri Imaz jauna, María Barrena Ezcurra andrea, Juan Carlos González Olea jauna eta Arantzazu Arranz Bilbao andrea.
Ordezko kideen zerrenda horretan kide gehiago sartu ahal izango dira, foru aldundiaren erabaki bidez, foru dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epearen barruan. Presidentearen, kidearen eta idazkari orokorraren eginkizunak automatikoki beteko dira aldi baterako ordezkapenak behar direnean, goian ezarritako hurrenkeraren arabera.
Foru Aldundiko langile batek zerbitzu aktiboa uzten duenean, presidentea, kidea eta idazkari orokorra izendatuko dira, hurrenkera korrelatibo bera erabilita.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordainsariei dagokienez, 1993ko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan (EHAA, 1993ko otsailaren 26koa) xedatutakoa eta dagozkion eguneratzeak aplikatuko zaizkie Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foraleko kideei eta haien laguntzaileei, edo dekretu hori ordezkatzen duen legerian ezarritakoa, eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko Zerbitzu Orokorren Zerbitzuak ordainduko ditu ordainsariok, dagokion partidaren kargura.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Auzitegiaren lehen osaera berritzea:
1. Auzitegia lehenengo aldiz osatzen duten kideen agintaldia sei urtekoa izango da, foru dekretu hau indarrean jartzen denetik.
2. Auzitegia data horretatik sei urtera berrituko da.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Bizkaiko Batzar Nagusien Mahaiak 2011ko urriaren 4ko bileran erabakitakoarekin bat etorrita, erakunde horrek gai hau arautzen ez duen bitartean, Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foralak aztertu eta ebatziko ditu kontratuei buruzko errekurtsoa jarri ahal zaien Batzar Nagusietako botere adjudikatzaileen egintzen kontra jartzen diren errekurtso bereziak (Sektore Publikoko Kontratuei buruzko legedian araututakoak).
Indargabetuta geratzen dira Bizkaiko Foru Aldundiaren 102/2010 Foru Dekretua, irailaren 29koa, kontratuei buruzko errekurtsoen auzitegi administratibo forala sortzen duena; Bizkaiko Foru Aldundiaren 136/2010 Foru Dekretua, azaroaren 30ekoa, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 174/2013 Foru Dekretua, abenduaren 10ekoa. Foru Dekretu horien bidez, auzitegiko kideak izendatu eta berritu dira, hurrenez hurren.
Foru dekretu hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta data horretatik aurrera aurkezten diren errekurtsoei aplikatuko zaie.