INFORMAZIO INSTITUZIONALA

Erakundeari buruzko oinarrizko datuak

  • Bizkaiko Tutoretza Erakundea foru-erakunde publiko enpresarial bat da; urriaren 31ko 9/2000 Foru Arauaren bidez sortu zen eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari atxikita dago. Haren helburua da Bizkaian bizi diren adin nagusiko pertsonen babesa bermatzea, familiarik ez dutenean, familiak haiek zaintzeari uzten dionean edo zaintzeko gai ez denean, pertsona horien jarduteko gaitasuna aldaketa judizialerako prozesu batean sartuta egon bada edo sartuta badago.

    Helburu hori betetzeko, bere gain hartzen ditu tutoretza, kuradoretza eta judizioko defentsa, baita,hala badagokio, justiziako organoek ezarritako kautelazko beste edozein babes-neurri ere.

    Bizkaiko Tutoretza Erakundeak osagarri eta bermeizateko bokazio argia du. Lehenik eta behin, familia inguruko beste pertsona fisiko batzuei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei dagozkien jarduketen osagarri da, betiere agintaritza judizialak ezarritakoaren arabera. Eta, bestetik, Kode Zibilaren arabera, jarduteko ardura duen pertsonarik ez dagoenean edo pertsona horiek jarduteari uko egiten diotenean, sortzen den hutsunea betetzeko erabili behar den tutoretza-sistemaren bermea da.

    Halaber, gaitasunaren aldaketari eta zaintza-baliabideei buruzko aholkuak emateko organo bat da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeen ondasunak administratzen ditu, hala agintzen zaionean.

  • Bizkaiko Tutoretza Erakundearen gobernu organoak honako hauek dira:

    • Presidentea; kargu hori Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru diputatuak betetzen du.
    • Administrazio Kontseilua, hauek osatuta: presidenteak, Gizarte Ekintza Saileko zuzendari nagusiek, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko gerenteak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saileko zuzendari batek, BFAko Gobernu Kontseiluak izendatutako bi kontseilukidek –ospe handiko pertsonak izan behar dira eta haien ibilbide pertsonal eta profesionaletik Bizkaiko Tutoretza Erakundearen xedeetarako funtsezko ekarpenak egin dituztela ondorioztatu behar da–, Bizkaiko Tutoretza Erakundeko zuzendari kudeatzaileak eta idazkariak.
    • Zuzendari kudeatzailea; orain Oier Zuberogoitia Atxurra dago kargu horretan.

    Erakundeak jarduteko edo esku-hartzeko hiru arlotan ematen ditu zerbitzuak: arlo pertsonal eta sozialean, ekonomikoan eta ondarearenean, eta juridikoan.

    Arlo pertsonal eta sozialean ematen diren arreta eta laguntzak lotuta daude, batez ere, laguntza pertsonalizatuarekin eta gure laguntza jasotzen duten pertsonei dagozkien baliabideak eta prestazioak kudeatzearekin. Helburua da pertsona horiek ahalik eta autonomia handiena lortzea, baita benetako gizarteratzea eta bizi-kalitatea hobetzea lortzea ere.

    Arlo ekonomikoko eta ondarearen arloko laguntzari dagokionez, betetzen diren eginkizun nagusietako batzuk hauek dira: pertsonen ondarea kudeatzea, kobrantza eta ordainketak kontrolatzea eta jarraipena egitea, eta, gainera, plangintza ekonomikoa egitea eta gure ordezkatuei dagozkien betebehar administratibo guztiak betetzen saiatzea.

    Laguntzen ditugun pertsonei ematen zaien babes juridikoaren barruan, defendatzaile judizial gisa esku hartzen da ahalmena aldatzeko prozeduretan, haien interesak babestu eta defendatzen dira jurisdikzio guztietan, tutore kargua betetzerakoan beharrezkoak diren baimen judizialak eskatzen dira, jarauntsiak izapidetzen dira.

Goi-kargudunak