1/2016 FORU ARAUA, otsailaren 17koa, Bizkaiko Gardentasunari buruzkoa

Departamentua: Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Maila: Foru araua

Finkapen-data: 2020/11/13

  

1/2016 FORU ARAUA, otsailaren 17koa, Bizkaiko Gardentasunari buruzkoa.
(2016ko otsailaren 24ko BAO)

Jakinarazten dut Bizkaiko Batzar Nagusiek honako foru arau hau onartu dutela, 2016ko otsailaren 17ko osoko bilkuran: 1/2016 Foru Araua, Otsailaren 17koa, Bizkaiko Gardentasunari buruzkoa. Arau hori aldarrikatu eta argitaratzeko agindua ematen dut, aplikatu ahal zaien herritar, norbanako eta agintari guztiek bete dezaten eta betearaz dezaten.

BIZKAIKO GARDENTASUNARI BURUZKO OTSAILAREN 17KO 1/2016 FORU-ARAUA

HITZAURREA

Botere publikoak haien eginkizunak betetzean eta baliabide publikoak erabiltzean gardenak izan behar direla ezartzen duen eskakizun demokratikoa ezinbesteko oinarria da herritarren aurrean kontuak behar bezala emateko, eta, ondorioz, erakundeak era eraginkorragoan kontrolatzeko eta gobernu-maila ezberdinen legitimitatea indartzeko modu bat da. Herritarrek beren erakundeengan duten konfiantza indartzeko, beraz, gardentasunaren aldeko apustu irmoa egin behar da, elementu garrantzitsuenetariko bat baita gobernu ireki bat lortzeko, herritarren arazoak eta kezkak kontuan hartzen dituena, eta herritarrek erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea eta edozein kargu publikoren kudeaketagatik erantzukizuna eskatzea sustatzen duena.

Hala da; gobernantza onaren adierazpen puntuala den heinean, gobernu irekia indartzeko bidean, foru arau honek gardentasuna arautzen du, erakundearen legitimitatea finkatzeko bide gisa, publikotasun aktiboaren arloan goi-mailako estandarrak eta arauen eta prozeduren arloko esparru egoki bat zehaztuta. Helburua da informazio publikoa eskuratzeko eskubidea errealitate bihurtzea, baita elkarlaneko gardentasuna sustatzeko eta datu publikoak modu irekian eskaintzeko -indarrean dagoen legerian ezarritako mugekin- deia egitea ere.

Arautze honen bidez lortu nahi da lurralde historikoko herritarrek ahalik eta ondoen ezagutzea Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeek zer egiten duten, nola betetzen dituzten dagozkien eginkizunak eta nola erabiltzen dituzten baliabideak.

Beraz, foru arau honen ardatza da gardentasuna, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Aldundian eta foru-sektore publikoko erakundeetan aplikatuta.

Ezin da ezkutatu gardentasuna Bizkaiko Foru Aldundiaren alderdi instituzional sendoenetako bat dela, Nazioarteko Gardentasuna erakundeak 2012an eta 2013an argitaratu zituen Aldundien Gardentasunaren Indizeek frogatzen duten bezala. Premisa horietatik abiatuta, foru arau honek jarduketa-ildo hori indartu nahi du, publikotasun aktiboaren arloko arautze zorrotz baten bidez.

Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren norabidea ez da gauza berria, aspaldi ekin baitzion bide horri. Hain zuzen ere, 2005. urtean Bizkaia 21 programa aurkeztu zuen (Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia garapen iraunkorrerako), non gardentasuna jarduteko ardatzetako bat izatearen alde egiten zen. Geroago, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia 21 II. programa sustatu zuen 2011-2016 aldirako (Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, 121. zenbakia, 2011ko ekainaren 24koa). Programa horretan, «Gobernantza hobetzea» ildo estrategikoaren barruan, herri administrazioen kudeaketan gardentasuna indartzearen alde eta administrazio horietan informaziorako bide publikoak sortzearen alde egiten da, argi eta garbi.

Ikuspegi instrumentalago batetik, gardentasunak lotura estua dauka datuak berrerabiltzearekin eta Open Data delakoarekin, hau da, balioa sortzeko eta jarduera ekonomikorako onuragarria izan daitekeen erabilera ahalbidetzeko, datuak modu irekian eskaintzearekin. Zenbait urrats eman dira bide horretan, baina foru arau honen bidez -arau aurreratuenetan xedatutakoaren ildotik-, bultzada sendoa eman nahi zaio gardentasunari,zenbait enpresa-jarduerarentzat datu publikoek berez eskaintzen duten ezagutza publikorako eta ekonomi garapen potentzial horretarako iturria baita.

Beraz, foru arau honen xedea da gardentasuna eta informazio publikorako sarbidea tresna egokiak izatea herritarrek ondo ikus dezaten erabakiak nola hartzen diren eta funts publikoak edo guztion baliabideak nola erabiltzen diren. Horrez gainera, kontrol-testak indartu nahi dira, botere publiko foralen eta herritarren arteko elkarrekintza sustatu nahi da eta lurralde historikoko herritar horiei modu aktiboan entzuten zaiela bermatu nahi da. Izan ere, gizarte demokratiko aurreratu bat lortzeko bidean, herritarrak gero eta zorrotzagoak dira gobernatzaileen eta administrazio-egituren jardunaren gaineko kontrolari eta kontuak emateari dagokienez.

Ildo horretan, argi dago gardentasun-maila altuenak dituzten herrialdeak direla erakunde indartsuenak dituztenak, baita arduradun publikoak kontrolatzeko eta herritarren aurrean kontuak emateko sistemarik onenak dituztenak ere. Gardentasuna gobernu-maila guztien kalitate instituzionala eta demokratikoa definitzen duten funtsezko elementuetako bat da. Eta erakundearen indartze horrek garapen ekonomiko handiago bat ekarri behar du, baita erakunde-lehiakortasuna hobetzea eta, ondorioz, aberastasuna sortzea ere. Baina, gainera, gardentasuna oso tresna indartsua da administrazio-egituretan kudeaketa hobetzeko, behar bezala aplikatuta espedienteen izapidetze-egoerari buruzko informazio eguneratua ematen duelako eta barruko izapideak azkartzeko eta lana aurrezteko aukera ematen duelako, baita herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeko ere.

Baina publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak zehazterakoan ematen zaio benetako bultzada gardentasunari, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritako gutxieneko estandarren gainetik baitaude. Hain zuzen ere, gardentasunaren edo publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak hainbat eremutan banatu dira, ondorio sistematikoei dagokienez. Hauek dira eremuak: instituzionala; juridiko-normatiboa; ekonomiko-finantzarioa; kudeaketarena; politika sektorialena; enplegu publikoarena, eta informazio orokorrarena. Informazio zabal horrekin, administrazio-egiturez gainera, Bizkaiko Lurralde Historikoko herritarrek kalitateko informazio eguneratua izatea lortu nahi da, eskuratzeko erraza dena, eta aurkezpenean eta diseinuan argia, herritarrek aukera izan dezaten Bizkaiko Foru Aldundiko sailek eta foru-sektore publiko erakundeek dagozkien eginkizunak nola betetzen dituzten ezagutzeko; hala, erraztu egingo da kontuak emateko sistema.

Foru arauan informazioa ukatzea salbuespentzat jotzearen alde egin da; horretarako, mugen interpretazio murrizgarria egin da. Edonola ere, tartean dauden interesak haztatzeko prozesua oso garrantzitsua da, eskubide hori erabiltzen denean beste batzuen oinarrizko eskubideak kaltetu ahal direlako, besteak beste, datu pertsonalak babesteko eskubidea eta intimitaterako eskubidea.

Zalantzarik gabe, gardentasun publikoa bermatzeko sistema on batek, gardentasunaren barruko publikotasun aktiboa oinarri izateaz gainera, diseinu on bat izan behar du antolaketari, prozedurei eta herritarrek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzen dutenean emandako erantzunari dagokienez. Hori dela eta, foru arauak beharrezkoak diren tresnak jaso ditu, eta arauaren edukiak abian jartzeko beharrezkoak diren eginkizunak beteko dituzten antolaketa-unitateak ezarri ditu.

Arau honen puntu garrantzitsu bat da organo independente baten ildo nagusiak finkatzen dituela, gero foru dekretu bidez garatzeko. Organo horrek autonomia funtzionala izango du eta informazio publikoa eskuratzeko edozein eskabide ukatzen denean -espresuki edo presuntzioz-, planteatu ahal diren erreklamazioak ebazteaz arduratuko da. Foru arau honetan planteatzen da Foru Aldundian dauden ezagutza teknikoak aprobetxatzea eta funtzionarioez osatutako erreklamazio-organo bat eratzea. Erabaki horrekin bermatu egiten dira organoaren inpartzialtasuna, ezagutza tekniko espezializatua eta independentzia funtzionalaren bermea, Lurralde Historikoko Lege Batzorde Aholkulariarekin bezala.

Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen eginkizun nagusia izango da ukatze edo presuntziozkoen kontra aurkeztutako erreklamazioak ebaztea. Eskumen tekniko bat da, beraz, eduki juridiko handia duena, non oso garrantzitsuak diren ezagutza hauek: administrazio prozedurari buruzkoak, datu pertsonalen babesari buruzkoak, oinarrizko eskubideei buruzkoak edo haztapen- edo proportzionaltasun-printzipioaren aplikazioari buruzkoak. Hala, organoaren profil teknikoaren aldeko apustua egokia da, kontuan hartuta karrerako funtzionarioek behar bezala beteko dutela inpartzialtasuna eta objektibotasuna Administrazio Publikoaren jardunean.

Amaitzeko, foru arauak gardentasunaren sustapenari eta bermeei buruzko titulu bat du. Lehenik eta behin, gardentasuna sustatu eta bultzatzearen aldeko ideia positiboa nabarmendu nahi izan da, gardentasun hori Aldundiaren antolaketa-egitura osoan benetan ezartzea lehen mailako erronka instituzional eta kultural bat delako. Jarrerak, lan egiteko erak eta erantzukizunak betetzeko moduak aldatzea ekarriko du erronka horrek. Horretarako, sustapen neurriak funtsezkoak dira.

Hain zuzen ere, alderatutako beste arau-esparru batzuk «erreakzioari» ematen diote lehentasuna gardentasunari dagokionez, zehapen-araubide oso zorrotz batean oinarrituta. Foru arau honek, berriz, nabarmendu nahi du gardentasunak antolaketan sakoneko aldaketa bat egitea dakarrela, bai egitura politikoei dagokienez, bai zuzendaritzei edo enplegatu publikoei dagokienez. Beraz, gardentasunaren dimentsio «positibo» baten alde egiten da, erabakiak hartzeko prozesuak, administrazio-prozedurak eta lan egiteko era hobetzeko, eta, bide batez, antolaketan eraginkortasun eta efizientzia handiagoak lortzeko eta arduradun publikoek herritarren aurrean kontuak behar bezala emateko.

Arautze honen ardatza da, beraz, prestakuntzarako eta sentsibilizaziorako zenbait tresna eta lanabes sustatzea eta bultzatzea, astiro-astiro Lurralde Historikoko Foru Aldundian eta forusektore publikoko erakundeetan gardentasunaren kultura txertatzeko, jarduera politikoaren, zuzendaritza-jardueraren edo kudeaketa publikoaren ardatz gisa. Bide honetan, egituran egindako lehen aldaketa izan zen Modernizazio, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Kabinetea sortzea. Orain, aldaketa hori xedapen arauemaile honetan sartutako neurriekin osatuko da.

Baina, gardentasunaren alderdi positibo horrekin batera badago beste bat: erantzukizuna eskatzearena. Gardentasunak behar dituen trantsizio kultural hori eta antolaketa-aldaketa hori gauzatzeko denbora beharko da. Beraz, hobe da zehapen-araubide horren ezarpen zentzuzkoaren alde egitea. Ondorioz, gardentasunean oinarritutako foru-sistema positiboan eraikitzeko bidean, foru arau honek pedagogiaren alde egin du, zehapen hutsa alde batera utzita. Hala, lehenengo etapa batean, zehapen-araubide horren ordez ohartarazpenak erabiliko dira. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak proposatu ahal izango dizkio ohartarazpen horiek erakunde eskudunari, hobetzeko ikuspegiarekin, politika horretan gertatutako disfuntzioak edo ezarpen txarra zuzentzeko.

Amaieran, foru arau honek xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak, xedapen indargabetzailea eta azken xedapenak ditu.

Foru arau honen helburua da, beraz, Bizkaiko Foru Aldundian eta foru-sektore publikoko erakundeetan gardentasun-politika irmoki sustatzea, erakundeen kalitatea hobetzeko eta kontuak emateko lana errazteko. Ardatz biak funtsezkoak dira herritarrek Bizkaiko Lurralde Historikoko erakundeengan duten konfiantza indartzeko eta gobernu hobe bat lortzeko.

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. Artikulua Xedea.

1. Foru arau honen xedea da gardentasuna bermatzea, bere bi dimentsioetan (publikotasun aktiboa eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea), Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Aldundian eta foru-sektore publikoko erakundeetan.

2. Zehazki, arlo material hauek arautzen ditu foru arau honek:

 
  • a) Publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak betetzeko eskakizun zehatzak.
  • b) Informazio publikoa eskuratzea, foru arau honetan eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko legerian ezarritakoarekin bat etorrita.
 

3. Arautze honetan, botere publiko foralei eta sektore publikoko erakundeei publikotasun aktiboaren arloan dagozkien betebehar zehatzak ezartzen dira, eta, horrez gainera, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen da: batetik, lurralde historikoko herritarrek, erakundeek eta interesatuta egon daitekeen edozein pertsona edo erakundek aukera izan dezaten Bizkaiko Foru Aldundiaren eta foru-sektore publikoko erakundeen gobernu-jarduna eta administrazio-jarduera ezagutzeko; eta, bestetik, edozein sistema demokratiko aurreratutan erakunde horiei, arduradun publikoei eta bertako enplegatu publikoei egin behar zaien azterketa publikoa bermatzeko, foru arau honetan ezarritako eran.

2. Artikulua Aplikazio-eremua.

1. Foru arau honetan ezarritako arauak erakunde hauei aplikatuko zaizkie:

 
  • a) Bizkaiko Foru Aldundiari.
  • b) Foru-erakunde autonomoei, foru-erakunde publiko enpresarialei, merkataritzako foru-sozietateei, foru-fundazioei eta foru-partzuergoei eta aurrekoen artean aipatu ez diren zuzenbide publikoko beste foru-erakundeei.
  • c) Bizkaiko Batzar Nagusiei, administrazio zuzenbidearen peko beren jarduerei dagokienez, bosgarren xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraikiz.
 

2. Publikotasun aktiboari buruzko arauak erakunde pribatuei ere aplikatuko zaizkie, aurrekontu-ekitaldian zehar Bizkaiko Foru Aldundiaren 100.000 euro edo gehiagoko laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badituzte edo haien urteko diru-sarreren % 40 Aldundiaren laguntzetatik edo diru-laguntzetatik badator, betiere gutxienez 5.000 euro badira.

3. Laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek interes sozialeko edo kulturaleko xedeak baino ez badituzte eta 50.000 eurotik beherako aurrekontua badute eta publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak bete behar badituzte, foru arau honetatik eratorritako betebehar horiek betetzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte, betiere jasotako laguntzen edo diru-laguntzen gehiengoa gobernu-maila horretatik jaso badute.

4. Kontratu edo emakida bidez, edo indarrean dagoen legerian ezarritako beste edozein formularen bidez, zerbitzu publikoak ematen dituen edo lurralde historikoaren eskumeneko administrazioaren ahalak betetzen dituen edozein pertsona fisiko edo juridikok, Administrazioak titulu honetan ezarritako betebeharrak benetan betetzeko, behar duen informazioa guztia eman beharko dio Administrazioko edozein erakunderi, errekerimendua egiten zaionean. Betebehar hori sektore publikoko kontratuen adjudikaziodunei ere ezarriko zaie, kontratu bakoitzean ezarritakoa kontuan hartuta. Horretarako, kontratu horien pleguetan inguruabar hori sartu beharko da.

5. Gardentasunaren barruko publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak bete beharko dituzte, eta, edonola ere, foru-sektore publikoari informazioa eman beharko diote, hala eskatzen zaienean, alderdi politikoek, sindikatuek eta enpresa-erakundeek, haien jarduera Bizkaiko Lurralde Historikoan garatzen badute eta foru-sektore publikoaren edo Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeen funts publiko propioen kargura ordaindutako diru-laguntzak jasotzen badituzte.

II. TITULUA. PUBLIKOTASUN AKTIBOA

3. Artikulua Gardentasuna eta informazio publikoa, publikotasun aktiboaren ikuspegitik.

1. Foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeek xedapen arauemaile honetan jasotako eskakizunak bete behar dituzte, eta bidezkoak diren bideak erabilita eta ezarritako gehieneko epearen barruan argitaratu beharko dute informazio garrantzitsu guztia, herritarren interesekoa bada eta foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeen gobernu-jardunaren eta administrazio-ekintzaren azterketa eraginkorra egiteko baliagarria izan badaiteke.

2. Lurralde historikoak ekonomiaren eta finantzen arloan dituen eskumenak kontuan hartuta, arreta berezia jarriko da datuak babesteko eskubidea eta oinarrizko eskubide guztiak erabat errespetatzen direla bermatzeko, batez ere xedea finantzei eta zergei buruzko informazioa zabaltzea denean.

3. Publikotasun aktiboaren ondoriozko eskakizunak gauzatzeko, lehentasuna emango zaio informazio hori bide telematikoen eta informatikoen bidez zabaltzeari. Horretarako, Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa edo Gardentasunaren Ataria erabiliko da, edo, bestela, foru-sektore publikoko erakundeen egoitza elektronikoak, web orriak edo gardentasunaren atariak.

4. Publikotasun aktiboa eskuragarritasuna bermatzen duten moduen eta edukien bidez gauzatuko da, eta diseinu eta mezu ulergarriak eta irakurterrazak erabiliko dira, baita informazioa bilatzeko bide intuitiboak ere. Sarbidea erraza eta doakoa izango da. Nolanahi ere, argitaratutako informazioa egiazkoa dela, berrerabili ahal dela eta etengabe eguneratzen dela bermatuko da. Desgaitasunen bat edo dibertsitateren bat duten pertsonek sartzeko aukera dutela bermatzeko neurriak hartuko dira beti, irisgarritasun unibertsalaren printzipioaren arabera, eta informazio hori herritar guztiek kontsultatzeko moduan egoteko baliabideak bideratuko dira.

5. Foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dagoen edozein erakundek publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak betetzen dituenean, bete-betean errespetatu beharko du datuen babesari buruzko legeria. Argitaratu behar den informazioak datu babestuak edo izaera pertsonaleko datu bereziak dituenean, informazioa zabaldu behar bada, informazioaren zati bat baino ez da argitaratuko eta/edo datu horiek kendu egingo dira.

6. Halaber, egoitza elektronikoetan zabaltzen den informazioa berriz erabiltzeko modukoa izango da, eta informazio horren elkarreragingarritasuna bermatuko da. Erregelamendu bidez, informazio publikoa berrerabiltzeko modua arautu ahal izango da, legeriak horren inguruan ezarritakoaren arabera.

7. Publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak betetzean jasotzen den informazio publikoan, kontuan hartuko dira foru arau honetan ezarritako mugak, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeari dagokionez, eta datu horiek argitaratzeko eskatutako haztapena egin beharko da, beharrezkoa denean.

8. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak eta foru-sektore publikoko erakundeek baliabide telematikoen ordezkoak izango dituzte informazio zabaltzeko, behar bezala iristeko egunero baliabide digitalak erabiltzeko ohiturarik ez duten herritarrengana.

9. Informazio publiko guztia euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko da, gutxienez. Informaziorik garrantzitsuena ingelesez eta frantsesez ere argitaratzea sustatuko da.

4. Artikulua Gardentasunaren barruko publikotasun aktiboari aplikatu beharreko printzipioak.

1. Printzipio hauek dira foru-sektore publikoaren jardueraren ardatz, gardentasunaren barruko publikotasun aktiboari dagokionez:

 
  • a) Egiazkotasun-printzipioa: argitaratzen den informazioa egiazkoa eta zehatza izan behar da; kautotasuna, fidagarritasuna, zuzentasuna, erabilgarritasuna eta zaintza-katea egiaztatuta dituzten dokumentuetatik etorri behar da.
  • b) Erantzukizun-printzipioa: foru arau hau bete behar duten erakundeek eta haien arduradun publikoek kontuak eman beharko dituzte xedapen arauemaile honetan jasotako betebeharrak behar bezala bete izanari buruz..
  • c) Erabilgarritasun-printzipioa: emandako informazioa egokia izan behar da zabalkunde publikoa egiteko.
  • d) Ulergarritasunaren, irisgarritasun unibertsalaren eta guztiontzako diseinuaren printzipioa: erraz irakurtzeko eta ulertzeko moduko formatuetan, formatu ulergarri eta errazetan eta herritar guztiek ulertzeko moduko mezuekin zabaldu beharko da informazioa.
  • e) Doakotasun-printzipioa: informazio publikoa doan eskuratuko da, kopiak edo euskarriak erreproduzitzeagatik edo informazioa jatorrizko euskarritik jatorrizkoa ez den formatu digitalizatura aldatzeagatik ezarri ahal diren tasak edo prezio publikoak kenduta.
  • f) Antolaketa-printzipioa: informazioa egituratua emango da, identifikazioa eta bilaketa errazteko.
  • g) Diskriminazio teknologikoa saihesteko printzipioa: foru arau hau bete behar duten erakundeek beharrezkoak diren baliabide guztiak izan beharko dituzte edozein pertsonak edozein informazio publiko garrantzitsu eskuratzeko aukera izan dezan, pertsona horren izaera edonolakoa dela ere eta baliabide elektronikoak erabili zein ez.
  • h) Elkarreragingarritasun-printzipioa: argitaratutako edozein informazioaelkarreragingarritasunari buruzko arau teknikoen arabera argitaratu behar da.
  • i) Berrerabiltze-printzipioa: informazio publiko garrantzitsu guztia berrerabiltzeko aukera ematen duten eta datuak modu irekian eskaintzearen alde egiten duten formatuetan sustatu eta zabalduko da, sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeri buruzko Europako zuzentarauak eta aplikatu beharreko legeria kontuan hartuta.
 

5. Artikulua Publikotasun aktiboa: kontzeptua eta dimentsioak.

1. Publikotasun aktiboa da informazio publiko garrantzitsua aldizka eta eguneratuta argitaratzeko eta informazio horren bilketa eta zabalkunde proaktiboa egiteko konpromisoa, xedea denean Bizkaiko Lurralde Historikoko foru-sektore publikoaren jarduna, zentzurik zabalenean, herritarrei helaraztea, botere publikoek eta haien arduradun edo funtzionarioek kontuak emateko modua hobetzeko.

2. Hurrengo artikuluetan jasotzen diren publikotasun aktiboaren arloko eskakizunetan, foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeen gutxieneko betebeharrak bildu dira. Geroago onartzen diren arau sektorialen edo plan zehatzen bidez aldatu ahal izango dira betebehar horiek.

3. Bizkaiko Foru Aldundiak eta foru-sektore publikoko erakundeek gardentasunari buruzko plan orokor eta bakar bat onartuko dute hiru urterik behin. Plan horrek informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arloko eta elkarlaneko gardentasuna lortzeko helburuen arloko aurreikuspenak ezartzeaz gainera, publikotasun aktiboari dagokionez epe horretan lortu behar diren gutxieneko helburuak finkatuko ditu, eta gardentasun-betebehar berriak ezar ditzake jarduera propioaren arloetan.

4. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeek foru arau honetan zehazten den informazio garrantzitsua argitaratu beharko dute, I. titulu honetan xedatutakoaren arabera, arlo hauei dagokienez:

 
  • a) Instituzionala.
  • b) Juridiko-normatiboa.
  • c) Ekonomiko-finantzarioa.
  • d) Kudeaketa.
  • e) Politika sektorialak.
  • f) Enplegu publikoa.
  • g) Informazio orokorra.
 

6. Artikulua Informazio instituzionala.

1. Foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeek informazio hau argitaratu beharko dute:

 
  • a) Foru Aldundiaren osaera eta eginkizunak, baita Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeena ere, haien estutuak eta antolaketari buruzko arauak aipatuta. Horrez gainera, erakunde bakoitzean dauden goi-kargudun edo parekoei buruzko datuak argitaratu beharko dituzte, zehatz adierazita kargu publiko forala betetzen duen pertsona, pertsona horren ibilbide politikoa edo profesionala eta urtero jasotzen dituen ordainsariak.
  • b) Sailetan eta Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeetan erantzukizun gorena duten kargu publiko foralen agenda eguneratuan sartutako gertaera publikoak. Betebehar hau mailaz maila gauzatuko da: sailetan erantzukizun gorena duten titularretatik hasiko da, foru araua indarrean jartzen denetik hiru hilabeteko epean, eta hamabi hilabeteko epean gainerako kargu publiko foraletara zabalduko da.
  • c) Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeen antolaketa-egitura. Sail, organo edo erakunde bakoitzaren eginkizunak ezarri beharko dira eta organigrama eguneratuak agertu beharko dira, berariaz adierazita ardura edo aginte-eginkizunak dagozkien lanpostuak eta lanpostu horiek betetzeko behar diren profil funtzionala eta eskumen-profila. Erantzukizun organikoa duten postuetan, lanpostua betetzen duen pertsona ere adieraziko da.
  • d) Ahaldun Nagusiaren, foru diputatuen, kabineteburuen, sailetako zuzendari nagusien eta erakunde autonomo, erakunde publiko enpresarial, eta foru-sektore publikoko erakundeetako zuzendarien eta/edo kudeatzaileen ondasunen eta jardueren urteko adierazpenei buruzko informazioa ere argitaratuko da. Era berean, enplegatu publikoen bateragarritasuna baimentzeko edo onartzeko ebazpen guztiak argitaratuko dira, baita goi-kargudunek kargua uzten dutenean jarduera pribatuan aritzeko baimena ematen duten ebazpenak ere.
  • e) Bizkaiko Foru Aldundian eta Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeetan, helburu zehatzak finkatzen dituzten planak eta programak argitaratuko dira, baita haien betetze-maila eta ebaluatu eta aldizka argitaratzen diren emaitzak ere, neurtzeko eta ebaluatzeko erabilitako adierazleekin batera.
  • f) Foru Aldundian, behin-behineko langileen lanpostuen zerrenda argitaratuko da, kopurua, lantokia, eginkizunak eta ordainsariak adierazita.
 

2. Artikulu honetan ezarritako informazioa urtean behin berrikusiko da gutxienez.

7. Artikulua Garrantzi juridiko-normatiboa duen informazioa.

Bizkaiko Foru Aldundiak informazio hau argitaratuko du, kasu bakoitzean eskumena duen sailaren bidez:

 
  • a) Foru arauen aurreproiektuak eta xedapen arauemaile orokorren proiektuak, Foru Aldundiak onetsi baino lehen.
  • b) Haien eskumenen barruan aplikatu beharreko indarreko araudia, aldizkari ofizialetan eta Gardentasunaren Atarian, web orrian edo egoitza elektronikoan argitaratzeaz gainera.
  • c) Organo aholku-emaileek emandako aginduzko txostenak, baita Kontratuei buruzko Errekurtsoen Auzitegi Administratibo Foralaren ebazpenak ere.
  • d) Garrantzi publikoa izan dezaketen administrazio-ebazpenak eta ebazpen judizialak.
  • e) Gobernu Kontseiluak onartutako erabakiak, ondorio orokorrak dituztenean.
  • f) Indarrean dagoen sektoreko legeriaren edo foru araudiaren arabera, izapidetzean informazio publikoko epe bat bete behar duten dokumentuak.
  • g) Norbanakoek edo beste organo batzuek egindako kontsultei dagozkien gidalerroak, jarraibideak, erabakiak, zirkularrak edo erantzunak, Zuzenbidearen interpretazio bat badute edo ondorio juridikoak badituzte.
  • h) Artikulu honetan aipatutako xedapen orokorrak prestatzeko espedientea osatzen duten memoriak eta txostenak.
 

8. Artikulua Eduki ekonomiko-finantzarioa daukan informazioa.

1. Titulu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeek eduki ekonomiko-finantzarioa duen informazioa argitaratu beharko dute, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

2. Hau da argitaratu behar den informazio ekonomiko-finantzarioa:

 
  • a) Erakundearen aurrekontua, partida nagusien deskripzioarekin eta aurrekontuen betetze-mailari buruzko informazio eguneratuarekin. Hiru hilean behin eguneratuko da informazio hori, eta argia eta ulertzeko modukoa izan behar da.
  • b) Defizita, zor publikoa eta gastu-araua direla-eta ezarritako helburuen betetze-maila. Zor publikoaren kasuan, kopuru orokorra eta biztanleko zorpetzeak eta zorpetze erlatiboak izan duten bilakaera adieraziko dira; eta baita bere merkataritzako sozietateei baimendutako zorpetze eragiketak ere. Azken ekitaldietan horiek izandako bilakaera grafikoki adieraziko da.
  • c) Urteko kontuak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Estatuko Kontuen Auzitegiak eta beste edozein organok edo erakundek kontuen auditoriari buruz eta fiskalizazioari buruz emandako txostenak.
  • d) Tributu itunduei buruzko informazioa, bereziki bide horretatik lortutako sarrera fiskalak eta tributu bakoitzari dagokion portzentajea. Azken urteetan sarrerek izan duten bilakaera ere argitaratu beharko da.
  • e) Inbertsioetan egindako gastu publikoa eta biztanleko portzentajea.
  • f) Tributu itunduak direla eta, udal finantzaketaren ondorioz Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerriei urtero esleitutako kopuruak. Zerrenda hori indibidualizatua izango da.
  • g) Hornitzaileei ordaintzeari buruzko legeria betetzeko epeak.
 

9. Artikulua Kudeaketa publikoari buruzko informazioa.

1. Hau da Bizkaiko Foru Aldundiak eta foru-sektore publikoko erakundeek kudeaketari dagokionez argitaratu behar duten informazioa:

 
  • a) Formalizatutako kontratu guztiak, hauek adierazita: xedea, iraupena, lizitazioaren eta adjudikazioaren zenbatekoa, adjudikatzeko erabilitako prozedura, argitaratzeko erabili diren tresnak, prozeduran parte hartu dutenen kopurua, adjudikaziodunaren identitatea eta kontratuaren aldaketak eta luzapenak. Kontratuetan atzera egiteko edo kontratuei uko egiteko erabakiak ere argitaratuko dira.
  • b) Kontratazio-erakundeak eta -organoak ere argitaratuko dira, hauek adierazita: izen zehatza, telefonoa, posta-helbideak eta helbide elektronikoak eta kontratazio-mahaien osaera. Horrez gainera, organo horien aktak eta ebazpenak argitaratuko dira.
  • c) Kontratu txikiei buruzko informazioa hiru hilean behin argitaratuko da, arlo materialen arabera erantsita.
  • d) Sei hilean behin argitaratuko da sektore publikoaren kontratuei buruzko legerian ezarritako prozedura bakoitzaren bidez adjudikatu diren kontratuei aurrekontuetan dagokien portzentajeari buruzko informazio estatistikoa.
  • e) Erakunde publikoekin eta pribatuekin sinatutako hitzarmenak. Hauek adierazi beharko dira: sinatu duten alderdiak, xedea, iraupena, aldaketak, prestazioak eta, hala badagokio, hitzarmenen ondoriozko obligazio ekonomikoak.
  • f) Kudeatzeko gomendioak, xedea, aurrekontuak eta obligazio ekonomikoak zehaztuta, eta egiten diren azpikontratazioak, berariaz adierazita adjudikaziodunak, adjudikatzeko prozedura eta zenbatekoa.
  • g) Emandako diru-laguntzak. Hauek adierazi behar dira: erakunde onuraduna, diru-laguntzaren zenbatekoa eta xedea, eta diru-laguntzaren xedeak behar bezala bete direla ikuskatzeko burututako kontrol-jarduerak, halakorik egin bada.
  • h) Alderdi politikoei, alderdien federazioei nahiz koali-zioei eta hautesleen elkarteei hauteskundeetako gastuak finantzatzeko emandako diru laguntzak, 1987ko martxoaren 27ko 11/1987 Legeak, lurralde historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzkoak, 11. artikuluan aipatzen dituenak: Artikulu horrek ezarritakoari jarraikiz emandako zenbatekoaren azalpena eta guzti.
  • i) Administrazio-prozedura elektronikoak eta espedienteak izapidetzeko sistema.
 

2. Bizkaiko Foru Aldundiak eta haren erakunde autonomoek beren jabetzako ondasun higiezinen edo eskubide erreal baten pean dituztenen zerrenda argitaratuko dute, baita ibilgailuena ere.

10. Artikulua Politika sektorialei buruzko informazioa.

1. . Bizkaiko Foru Aldundiko sailek eta foru-sektore publikoko erakundeek beren politika sektorialen eta beren administrazio-jarduketaren arloan herritarrentzat interesekoa izan daitekeen informazio garrantzitsua argitaratuko dute; bereziki, helburu zehatzak ezartzen dituzten planak eta programak argitaratuko dituzte.

2. Zehazki, informazio hau argitaratu beharko dute, erraz eskuratu eta ulertzeko moduan, eta, ahal bada, grafikoki:

 
  • a) Sail edo erakunde bakoitzak herritarrei ematen dizkien zerbitzuen zorroa.
  • b) Zerbitzu-gutunak, halakorik badago, eta zerbitzu publikoen betetze-maila eta kalitatea ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa estatistikoa.
  • c) Zerbitzua ematen duen erakundearen egoitza eta jendaurreko ordutegia, eta ordaindu beharreko prezio publikoak edo tasak, halakorik ordaindu behar bada.
 
Kontuan hartu behar da amaierako xedapenetatik hirugarrenaren 1. zenbakiko puntuak ezarri duenarekin bat, 10.2. artikuluaren a) eta b) letretan ezarri dena honako Foru Arau hau argitaratu eta urte batera jarriko dela indarrean.

11. Artikulua Enplegu publikoari buruzko informazioa.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta foru-sektore publikoko erakundeek informazio hau eman beharko dute, nahitaez:

 
  • a) Plantillaren egiturari buruzko datuak eta araubide juridikoa, baita lanpostuei dagozkien eskalak, azpieskalak, motak eta kategoriak ere.
  • b) Lan-eskaintza publikoak, eskaintzen betetze-maila, funtzionarioak eta lan-kontratudun langileak aukeratzeko prozesuak, lanpostuak bitarteko funtzionarioekin edo aldi baterako lan-kontratudun langileekin betetzeko deialdiak barne.
  • c) Lanpostuak betetzeko sistemak, deialdiak eta adjudikazioak.
  • d) Zuzendaritzako langileentzako, funtzionarioentzako eta enplegatu publikoentzako prestakuntza-programak.
  • e) Ordezkaritza sindikalaren organoen osaera eta dauden pertsonen kopurua, dagokien sindikatuaren arabera sailkatuta; urtean erabilitako ordu kopurua, eta liberazio horiek Bizkaiko Foru Aldundiari edo Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeei eragiten dieten kostua.
  • f) Lanpostuen zerrendak edo haien antzeko antolakuntza-tresnak, eginkizunak eta ordainsariak zehaztuta.
  • g) Giza baliabideen plan estrategikoak, giza baliabideak antolatzeko planak edo karrera profesionalerako planak.
  • h) Sektore publikoan beste lanpostu edo jarduera baterako bateragarritasuna baimenduta duten edo jarduera pribatuak egiteko bateragarritasuna onartuta duten enplegatu publikoen zerrenda.
  • i) Lan poltsa propioak eta horien eraketa.
 

12. Artikulua Informazio orokorra.

1. Foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeek Bizkaiko herritarrentzat interes orokorrekoa izan daitekeen informazioa argitaratuko dute ere, beren jarduerari dagokion eremuan. Besteak beste, informazio fiskala, kartografikoa, ingurumenekoa, nekazaritzakoa, lurralde-antolamenduari eta hirigintzari buruzkoa, kulturakoa, gizarte zerbitzuei buruzkoa edo lurralde historikoko erakundeen edozein eskumeni dagokiona argitaratuko dute, betiere araudi espezifikoak informazioaren arloan ezarritako betebeharrak kontuan hartuta.

2. Zuzenean edo zeharka foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakunde publiko eta pribatuek, gainera, zerbitzu publikoak eskuratzeko betekizunak eta baldintzak argitaratuko dituzte. Informazio horretan ordutegia adieraziko da, baita, hala badagokio, eskatzen diren tasak, tarifak edo prezioak eta zerbitzuetan sartzeko dauden itxarote-zerrendak. Zerbitzu publikoen prestazioa dela-eta herritarrek duten poztasuna neurtzeko inkestak argitaratuko dituzte ere, beste atal batean argitaratu ez badira.

3. Elkarlaneko gardentasunaren berezko bideen bitartez, informazio hau emango da: herritarrei laguntza emateko zerbitzuak nola ematen diren eta zeintzuk diren herritarrek parte hartzeko bideak, zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko kexa eta erreklamazioak aurkezteko prozedura, aurkeztutako erreklamazio kopurua eta onartu direnen edo interesdunen alde ebatzi direnen kopurua edo portzentajea.

4. Halaber, herritarrek gehien eskatzen duten informazioa argitaratuko da, baita arau honek araututako informazioa eskuratzeko eskubidea erabiltzearen ondorioz sarrien eskatzen den informazio publikoa ere.

13. Artikulua Publikotasun aktiboaren arloko eskakizunak ez betetzearen ondorioak.

1. Foru arau honetan publikotasun aktiboaren arloan ezarritako eskakizunak betetzeko eskatu ahal izango diete kasu bakoitzean ezarritako organo eskudunek Bizkaiko Foru Aldundiari, sailei eta titulu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden gainerako erakundeei, ofizioz zein edozein herritarrek eskatuta.

2. Erakunde bakoitzeko arduradunek edo arlo honetan eginkizunak dituzten enplegatu publikoek publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak behin eta berriz ez betetzea falta larritzat joko da, eta diziplinazko espedientea foru arau honen IV. tituluan ezarritakoarekin arabera izapidetuko da, falta egin duen pertsona kargu publiko forala edo parekoa, funtzionarioa edo enplegatu publikoa den kontuan hartuta.

14. Artikulua Gardentasunaren Ataria.

1. Bizkaiko Foru Aldundiak Gardentasunaren Atari bat izango du, eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren menpe egongo da, Modernizazio, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Kabinetearen bidez. Egitura aldatzen bada, eginkizun horiek bere gain hartzen dituen sailaren menpe egongo da. Atari horren eginkizun nagusia izango da aurreko artikuluetan aipatutako informazioa eskuratzeko erraztasunak ematea herritarrei.

2. Foru arau hau indarrean sartzen denetik gehienez ere bi hilabeteko epearen barruan, Gardentasunaren Atariaren xehetasun teknikoak eta edukia arauzko xedapen arauemaile baten bidez, edo, bestela, Foru Aldundiaren erabaki baten bidez zehaztuko dira.

15. Artikulua Elkarlaneko gardentasuna.

1. Foru arau hau bete behar duten erakundeen Gardentasunaren Atariak, egoitza elektronikoak edo web orriak, aurreko artikuluetan ezarritako informazio publikoa izateaz gainera, entzumen aktiboa bermatzeko, herritarren beharrizanak identifikatzeko eta herritarren eta arazo publikoetan herritarren parte hartzea ahalbidetuko duten baliabideak errazteko espazioak ezarriko ditu.

2. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak eta foru-sektore publikoko erakundeek herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko kanalak sustatuko dituzte bitarteko elektronikoen bidez, Aldundiaren politika publikoak identifikatu, prestatu, bete eta ebaluatzeko.

3. Gardentasunaren Atariak, egoitza elektronikoek edo web orriek zerbitzu publiko foralen kalitatea ebaluatzeko aukera emango diete herritarrei.

4. Bizkaiko Foru Aldundiak, Gardentasunaren atariaren bitartez, aurkeztutako administrazio errekurtsoei eta administrazioarekiko auzi errekurtsoei buruzko urteko txosten bat argitaratuko du.

16. Artikulua Informazioa berrerabiltzea eta datuak modu irekian eskaintzea.

1. Titulu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeek datu publikoak modu irekian eskaintzea eta informazio publikoa berrerabiltzea sustatuko dute, balioa sortzeko, sektore publikoan aplikatu beharreko araudian ezarritako mugak kontuan hartuta.

2. Arauz tasatutako kasuetan izan ezik, datuak libreki berrerabiltzea sustatuko da, aurretik eskabiderik aurkeztu gabe edo horretarako aurretiazko lizentzia edo baimenik eskatu gabe. Beraz, datuak formatu digital estandarizatu eta ireki batean birbanatzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko aukera emango da.

III. TITULUA. INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEKO ESKUBIDEA.

17. Artikulua Informazio publikoa.

1. Herritarrek foru arau honen aplikazio-eremuan sartutako erakundeen aurrean informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko, titulu honetan jasotako xedapenak eta aplikatu beharreko legerian xedatutakoa beteko da.

2. Informazio publikoa da foru arau honen aplikazio-eremuan sartutako erakundeek duten edozein eduki edo dokumentu, euskarria edozein dela ere, erakunde horiek beren eginkizunen barruan egin, aldatu edo eskuratu badituzte eduki edo dokumentuok.

18. Artikulua Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

1. Pertsona fisikoek eta juridikoek baliatu ahal dute informazio publikoa eskuratzeko eskubidea foru arau honetan eta arlo hau arautzen duen legeria orokorrean ezarritakoaren arabera.

2. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko ez da behar motibaziorik, ezta interesdun izaera edo bestelako eskubide edo interes legitimorik egiaztatzea ere.

3. Eskubidea baliatzeko ez da ezarriko informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen erabilera arautzen duen legeria orokorrean xedatutakoak baino muga gehiago. Kasu hauetan baino ezin izango da ukatu informazioa eskuratzeko aukera: informazio hori eskuratzeak interes publikoari benetako kalte bat eragin ahal diola edo datu pertsonalak babesteko eskubidea urratu ahal duela egiaztatzen denean. Kasu bakoitzean, kalteak izan dezakeen garrantzia haztatuko da.

4. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko, ahalik eta baldintza gutxien ezartzen dituzten prozedurak erabiliko dira, baita garapenean eta ebazpenean erraztasuna eta azkartasuna oinarri dutenak ere.

5. Amaituta dauden administrazio-espedienteetan jasotako informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko, foru arau honetan eta eskubide horri dagokion oinarrizko legerian ezarritakoa beteko da, sektoreko araudi berezirik ez badago. Edonola ere, datu pertsonalen babesa eta kaltetu daitezkeen oinarrizko eskubideak errespetatuko dira.

19. Artikulua Informazio publikoa eskatzen dutenen eskubideak eta informazioa eskuratzen dutenen betebeharrak.

1. lnformazioa eskuratzea doakoa da. Baina kopiak eginez edo jatorrizkoa ez den beste formatu batera eramanez gauzatzen bada, zenbateko bat ordainaraztea ezarri ahal zaio eskatzaileari Tasen eta Prezio Publikoen Foru Arauari jarraikiz, betiere benetako kostua gainditu gabe.

Informazio publikoa eskatzen dutenek eskubide hauek izango dituzte:

 
  • a) Foru arau honek eta indarrean dagoen legeriak ematen dizkieten eskubideen berri jasotzea eta erakundeen aholkularitza jasotzea, eskubidearen benetako eraginkortasuna bermatzeko.
  • b) Eskatutako informazioa foru arau honetan eta aplikatu beharreko legerian ezarritako epeetan jasotzea eta eskabidean adierazitako forman eta formatuetan jasotzea, aukera hori ezinezkoa denean eta horretarako arrazoiak azaltzen direnean izan ezik.
  • c) Eskuratu nahi den informazioa osorik edo haren zati bat ukatzen denean, horren arrazoiak ezagutzea.
  • d) Jasotako informazio publikoa Administrazioaren aurretiazko baimenik edo komunikaziorik gabe erabiltzea, indarrean dagoen legerian ezarritako mugak kontuan hartuta.
  • e) Informazio eskabide publikoa okerra bada edo zehaztasun gabe formulaturik badago, eskatzaileari horren berri emango zaio, zehazturik zergatik jotzen den zehaztasun gabekotzat edo zalantzazkotzat. Hamar egun erabilgarriko epea emango zaio konpontzeko, eta laguntasuna eskainiko zaio eskabidea zehazteko. Konpontzeak ebazpena emateko epea etetea ekarriko du. Epea agortu eta eskabidea zuzendu ez bada, artxibatu eta ezetsi egingo da. Horrek ez du kentzen beste eskabide bat aurkeztu ahal izatea.

2. Informazio publikoa eskuratzen dutenek betebehar hauek izango dituzte:

 
  • a) Eskabideak ahalik eta datu zehatzenekin betetzea, eskubidearen eraginkortasuna eta epeak bermatzeko eta administrazio-zerbitzuen funtzionamenduari ahalik eta gutxien eragiteko.
  • b) Fede onaren printzipioaren arabera eta materialki eta denborari dagokionez neurriz kanpokoak diren eskabideek eragindako zuzenbide-abusua debekatzen duen printzipioaren arabera jardutea.
  • c) Eskuratzeko informazioa berrerabiltzeari dagokionez, legerian ezarritako betebeharrak errespetatzea.
  • d) Informazio jakin bat eskuratzeko ebazpen bat ematen bada, ebazpen horretan ezarritako baldintzak eta eskakizunak betetzea.
 

20. Artikulua Informazioa eskuratzeko eskubidea eta datuen babesa.

1. Berariaz zehaztu beharko dira informazioa ukatzeko arrazoiak, legeria orokorrean jasota dauden mugak aplikatzearen ondorioz edo informazio-eskaerak ez onartzeko arrazoiak aplikatzearen ondorioz ukatzen denean, baita datu pertsonalak tartean sartzen direlako ukatzen denean ere, datuen babesaren inguruko legeriarekin bat etorrita. Halaber, informazioa ukatu ahal izango da, tartean sartutako interesak haztatu ondoren, ohorerako eskubidea, intimitaterako eskubidea edo nork bere irudia izateko eskubidea nagusitu behar direla ondorioztatzen denean.

2. Informazioa eskuratzeko eskabidea modu berezian babestutako datuen gainekoa bada, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 7.artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu horren 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorrita baino ezin izango da baimendu informazioa eskuratzea.

3. 3. Informazio eskabidea erakundearen antolaketari, funtzionamenduari edo jarduera publikoari buruzkoa bada, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea lehenetsiko da, datuen babesak edo Konstituzioak babestutako interes publikoaren gaineko beste eskubide batzuek lehentasuna dutenean izan ezik.

4. Eskatutako informazioak ez badauka modu berezian babestutako daturik edo datu berezirik, informazioa eskuratzeko aukera emango da, tartean sartutako pertsonen eskubideekin, eta, bereziki, datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidearekin alderatuta, informazio publikoa zabaltzeak duen interes publiko eta pribatua haztatu ondoren. Haztapenak kontuan hartuko ditu legeria orokorrean ezarritako irizpideak.

5. Informazio eskabidea jasotzen duten erakundeek datu pertsonalak kenduko dituzte, tartean sartutako pertsonen identifikazioa eragozteko, baldin eta eskabide hori ez badator bat datuak babesteko eskubidearekin. Datuak kendu ondoren, ezinezkoa bada informazioaren irismena zehatz edo ondo ulertzea, ukatu egingo da informazioa eskuratzeko aukera.

21. Artikulua Informazioa eskuratzeko eskubidea baliatzeko mugak.

1. Informaziorako eskubidea baliatzeko mugak gardentasuna -publikotasun aktiboari zein informazio publiko eskuratzeko eskubideari dagokienez- arautzen duen legeria orokorrean ezarritakoak izango dira.

2. Arlo hauetako batean benetako kalte bat eragiten denean ukatu ahal izango da informazioa eskuratzeko aukera, arrazoituta eta talka egiten duten interesak haztatu ondoren. Hauek dira arloak:

 
  • a) Segurtasun publikoa.
  • b) Ez-zilegi penalen edo administrazioko arau-hausteen prebentzioa, ikerketa eta zehapena. Arau-hausteen kasuan, larriak edo oso larriak direnean.
  • c) Administrazioaren zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-eginkizunak.
  • d) Lanbide-sekretua eta jabetza intelektual eta industriala.
  • e) Erabakiak hartzeko prozesuetan bete behar den bapestekotasunaren edo sekretuaren bermea.
  • f) Ingurumenaren babesa.
  • g) Interes ekonomikoak eta merkataritzakoak.
  • h) Merkataritzaren edo industriaren arloko datuen konfidentzialtasuna.
  • i) Alderdien berdintasuna prozesu judizialetan.
  • j) Bizitza pribatua.
  • k) Adingabeen babesa.
  • l) Lege gaitasuna aldaturik duten pertsonen babesa.
 

3. Muga hauek proportzionaltasunez aplikatu behar dira, zaindu behar den xedearen arabera doituta, foru arau honetan eta aplikatu beharreko legeria orokorrean xedatutakoaren arabera.

22. Artikulua Ez onartzeko arrazoiak.

Ebazpen arrazoituaren bidez, informazio publikoa eskuratzeko eskabideak ez dira izapidetzeko onartuko arrazoi hauetako bat ematen denean:

 
  • a) Informazioa prestatze-prozesuan dagoenean edo argitaratze orokor bat egiteko denean.
  • b) Informazioa osagarria, instrumentala edo laguntzekoa denean. Halako informaziotzat joko da oharretan, zirriborroetan, iritzietan, laburpenetan, barruko komunikazioetan edo txostenetan eta organo eta erakunde administratiboen arteko komunikazio eta txostenetan jasotakoa.
  • c) Zabaltzeko, aurretiaz ekintzaren bat edo berregite-prozesu bat behar duen informazioa denean.
  • d) Informazio-eskabidea informazioa ez duen organo bati bidaltzen zaionean eta organo eskuduna zein den ezaguna ez denean. Kasu honetan, eskabidea onartzen ez duen organoak behar bezala justifikatuko du ez-onartze hori.
  • e) Argi eta garbi behin eta berriz egindako informazio-eskabide bat denean, edo, foru arau honetan araututako gardentasunean oinarrituta, justifikaziorik gabeko abusu bat denean, edo, eskaeraren xedearekin alderatuta, neurriz kanpoko gastuak dakartzanean.
 

23. Artikulua Informazio publikoa eskuratzeko eskabideak.

1. Foru Aldundiaren Gardentasunaren Atariak edo Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeen egoitza elektronikoek edo web orriek erabilera erraza ahalbidetzen duten sarbide elektronikorako sistemak izango dituzte, informazio publikoaren eskabideak bideratu ahal izateko. Halaber, inprimaki elektronikoak jarriko dituzte herritarren eskura.

2. Edonola ere, informazio publikoaren eskabideak idatziz aurkez daitezke paperean, eta administrazioak edo erakundeak berak digitalizatuko ditu.

3. Eskabidea ahoz aurkez daiteke horretarako aurreikusitako Bizkaiko Foru Aldundiaren erregistro eta herritarrenganako laguntza bideratzeko bulegoetan.

4. Eskabideak aurkezteko prozedura eta eskabideen gutxieneko edukia arlo honetan aplikatu beharreko araudi orokorrean ezarritakoa izango da.

5. Eskatutako informazioak behar bestean identifikatutako hirugarren batzuen eskubide edo interesei eraginez gero, alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea emango zaie horiei, eta ebazpena emateko epea etenda geratuko da harik eta alegazioak jaso arte edo alegazioak aurkezteko epea .

6. Eskatzaileak informazio eskabidea arrazoitu behar ez badu ere, komenigarria da informazioa eskatzeko arrazoiak azaltzea.

7. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetatik edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

24. Artikulua Informazioa eskuratzeko prozedura eta informazio-unitateak.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea legeria orokorrean ezarritako prozeduraren bidez baliatuko da.

2. Foru Aldundiak ezarriko du zein diren informazio eskabideak izapidetzeko eskumena duten unitateak, arauzko xedapen arauemaile baten bidez edo erabaki baten bidez ezarri ere. Alderdi hori garatu arte, Foru Aldundiko sailetako Zerbitzu Orokorrek eta Bizkaiko foru-sektore publikoko erakundeetako zuzendaritza-organoek izango dute eskumen hori, eta eskabideen eta erantzunen berri eman beharko diote Modernizazio, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Kabineteari.

3. Informazioa eskuratzeko aukera onetsi edo ukatzen duen ebazpena emateko epea hamabost egunekoa izango da. Dena dela, beste hamabost egunez luzatu ahal izango da. Administrazio-isiltasuna ezestekoa izango da. Aparteko egoeretan, beste hamabost egunez luzatu ahal izango da epe hori, betiere Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeari eskabide arrazoitua aurkezten bazaio eta batzordeak onartzen badu.

4. Salbuespenez ukatuko da informazio publikoa eskuratzeko aukera, eta mugak aplikatzeko interpretazio murrizgarri bat egingo da. Horrez gainera, eskaera bat ukatzen bada, nahitaez arrazoitu beharko da, foru arau honetan eta legeria orokorrean ezarritako mugetan bakarrik oinarrituta.

5. Edozein ebazpen espresuren edo presuntziozko ukapenaren aurrean, aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzeaz eta, hala badagokio, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratzeaz gainera, hilabeteko epean errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeari (foru arau honen IV. tituluan arautzen da batzorde hori).

6. Hilabeteko epe hori aurkaratutako egintza jakinarazi edo administrazio-isiltasunaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

7. Batzorde horrek ebazpena emateko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da. Epe hori igarota, ezetsitzat joko da.

25. Artikulua Informazioa eskuratzeko eskubidea baliatzearen ondoriozko dokumentazioa.

1. Eskatutako informazio publikoa formatu digitalean emango da, oro har, salbu eta eskatzaileak beste formatu batean eskatzen badu eta teknikoki bideragarria bada.

2. Informazioa doan eskuratuko da. Hala ere, paperean edo elektronikoa ez den beste bitarteko batean eskatzen bada edo informazioa emateko baliabide publiko osagarriak erabili behar badira, aplikatu beharreko foru araudian ezarritako tasa eta prezio publikoak aplikatu ahal izango dituzte erakunde publikoek.

3. Eskatutako informazioa herritarren eskura badago Gardentasunaren Atarian, web orrian edo egoitza elektronikoan, informazioa eskatu zaion erakunde publikoak jakinarazpen labur bat bidaliko dio eskatzaileari. Jakinarazpen horretan informazioa argitaratuta dagoela adieraziko da, baita informazioa dagoen web orrian sartzeko modua ere.

4. Fitxategietan, liburutegietan eta museoetan dagoen informazioari dagokionez, araudi espezifiko bakoitzean ezarritakoa beteko da doakotasuna edo ordainketa aplikatzeko.

IV. TITULUA. GARDENTASUNAREN ARLOKO ORGANO ESKUDUNAK ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ETA BIZKAIKO FORU-SEKTORE PUBLIKOKO ERAKUNDEEN ERREKLAMAZIOEN EBAZPENA.

26. Artikulua Foru Aldundiaren gardentasun-politikaren zuzendaritza-organoak.

1. Foru Aldundiaren gardentasun-politika Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailari edo, egitura aldatzen denean, eginkizun horiek bere gain hartzen dituen sailari atxikitako Modernizazio, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Kabineteak diseinatu, koordinatu eta gauzatuko du.

2. Sailak zuzendaritza-organoak izango ditu artikulu honen lehenengo zenbakian ezarritako eskumenak betetzeko, Foru Aldundiaren egitura organikoari buruzko dekretuetan xedatutakoarekin bat etorrita.

3. Edonola ere, aurreko zenbakian aipatutako zuzendaritza-organoen eskumenekoak izango dira eremu funtzional hauek:

 
  • a) Gardentasun-politika eta politika hori martxan jartzeko proiektu arauemaileak diseinatzea
  • b) Foru Aldundiaren Gardentasunaren Ataria sustatzea eta martxan jartzea eta sektore publikoko erakundeen egoitza elektronikoetan edo web orrietan dauden edukien jarraipena egitea.
  • c) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko moduaren diseinua, koordinazioa, jarraipena eta kontrola egitea. Horretarako, prozeduren protokoloak zehaztuko ditu eta epeak eta epe horien barruan ebazteko betebeharra betetzen direla ikuskatuko du.
  • d) Kontsultak jasotzea eta erantzutea, eta gardentasunaren arloko txostenak ematea, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen ebazpenak izan ezik.
  • e) Urteko memoria orokor eta bakar bat egitea Foru Aldundiarentzat eta foru-sektore publikoko erakundeentzat. Memoria horretan Foru Aldundiko sailetan eta foru-sektore publikoko erakundeetan gardentasun-politiken egoeraren gaineko barne ebaluazioa jaso behar da.
  • f) Erakundeen arteko harremanak garatzea gardentasunaren arloan.
  • g) Entzumen aktiboa eta elkarlaneko gardentasuna sustatzea, eta kontu-ematea sustatzea.
  • h) Nazioarte mailako gardentasun-politiken eta praktika onen jarraipena egitea.
 

4. Modernizazio, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Kabineteak proposamenak aurkeztu ahal izango dizkio batzordeari, foru arau honen V. tituluaren II. kapituluan ezarritako zehapen-prozedura has dezan.

27. Artikulua Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordea.

1. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordea kide anitzeko organo independente bat da, autonomia funtzionala duena. Titulu honetan eta berau garatzeko foru dekretuan ezarritako osaera eta eginkizunak izango ditu.

2. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordea Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailari atxikita egongo da, aurrekontuei eta baliabide materialei dagokienez..

28. Artikulua Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen osaera

1. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak hiru kide titular eta hiru ordezko izango ditu. Foru Aldundiko karrerako funtzionarioak izango dira, funtzionario sartzeko Zuzenbidean lizentziaduna izatea edo izaera bereko unibertsitate-gradua izatea eskatu zaien A1 sailkapen taldeko kidego edo eskaletakoak, beti ere izendapen askeko posturik ez badute, eta gutxienez bost urteko esperientzia profesionala izan beharko dute kidego edo eskala horietan.

2. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeko kide diren pertsonen karguari berez dagozkion eginkizunak betetzeak ez du dedikazio esklusiborik izango, eta haien lanpostuari dagozkion zereginekin batera bete beharko dituzte. Edonola ere, batzordeko kideari dagozkion eginkizunak betetzea benetako lanalditzat joko da, ondorio guztietarako.

3. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeko kideek ordain bat jaso ahal izango dute jarduera hori betetzen erabilitako denbora eta dedikazioaren arabera, eta aztertutako gai kopuruaren arabera. Ordain hori jasotzeko era eta baldintzak batzordearen funtzionamendua garatuko duen foru dekretuan ezarriko da.

4. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeko kideak Foru Aldundiak izendatuko ditu, eta Gardentasunaren Atarian argitaratuko da batzordearen osaera.

5. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeko kideen agintaldia lau urtekoa izango da, eta kasu hauetan baino ezin izango dira kendu kargutik: agintaldia amaitu delako, kideak berak eskatu duelako edo Bizkaiko Foru Aldundiak kentzea erabaki duelako. Erabaki hori betebeharren ez-betetze larriagatik, eginkizunak betetzeko ezintasun iraunkorragatik, gerora sortutako bateraezintasunagatik eta dolozko delituaren ondoriozko kondenagatik hartu ahal izango du Foru Aldundiak, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko titularrak prozedura hasi eta instruitu ondoren

6. Bizkaiko Foru Aldundiak foru dekretu bidez garatuko du artikulu honetan ezarritakoa, eta organo horren antolaera, prozedura eta funtzionamendurako arauak zehaztuko ditu.

29. Artikulua Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen eginkizunak.

1. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

 
  • 1) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea espresuki edo presuntzioz ukatzeagatik aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.
  • 2) Arduradun publiko eskudunei eskatzea diziplinazko espedienteak zabaltzeko, foru arau honek gardentasunaren arloan ezarritako betebeharrak ez direla betetzen erakusten duten zantzu sinesgarriak daudenean. Txosten bidez egiaztatu behar dira zantzu horiek.
  •  
    Kontuan hartu behar da amaierako xedapenetatik hirugarrenaren 3. zenbakiko puntuak ezarri duenarekin bat, 29.1.2 artikulu hau honako Foru Arau hau argitaratu eta urte batera jarriko dela indarrean. Aldi horretan Foru Arau honen beronen xedapen iragankorrean ezarri dena aplikatuko da.
     
    Ikusi xedapen iragankorra; horren arabera honako Foru Arau honen indarraldiaren lehen urtean Gardentasunaren arloko Erreklamazioen Batzordeak ez dauka derrigorrez zehapen-prozedurak hasteko bere funtzioa bete beharrik.

  • 3) Batzordearen jardueraren urteko memoria egitea. Lurralde Historikoko Batzar Nagusietako batzorde eskudunean aurkeztuko da memoria hori. Gardentasunaren arloko Eskarietarako Batzordeak izenda dezan pertsona bertaratuko da batzorde horretan memoriaren berri emateko.
  • 4) Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendaritza-organo eskudunekin lankidetzan aritzea, hala dagokionean, foru erakundean eta foru-sektore publikoko erakundeetan gardentasun-politikak sustatu eta bultzatzeko.
 

2. Dagozkion eskumenak behar bezala betetzeko, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saileko zerbitzu teknikoen eta administratiboen laguntza izango du, batez ere Modernizazio, Gobernamendu On eta Gardentasunerako Kabineteko teknikariena, baita Funtzio Publikoaren Zuzendaritzarena eta Foru Aldundiko zerbitzu juridikoena.

V. TITULUA. GARDENTASUNAREN SUSTAPENA ETA BERMEAK FORU ALDUNDIAN ETA FORU-SEKTORE PUBLIKOKO ERAKUNDEETAN

I. KAPITULUA. GARDENTASUNAREN SUSTAPENA ETA BULTZADA.

30. Artikulua Gardentasuna eta antolaketan egin beharreko kultura-aldaketa.

1. Gardentasunak ezinbestekoa du pausuz pausu kultura-aldaketa bat egitea administrazio-eginkizunak garatzeko moduan eta erabakiak hartzeko prozesuetan, bai Aldundiko kargu publiko foralen eta parekoen mailan, bai Foru Aldundiaren eta foru-sektore publikoko erakundeen zerbitzura dauden langileen mailan.

2. Horretarako, Foru Aldundiak eta foru-sektore publikoko erakundeek programak sustatuko dituzte. Programa horiek aztertu eta neurtu beharko dute zer nolakoa den gardentasun-politikaren eta bereziki herritarrek eta erakundeek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzearen eragina administrazio-egituretan, prozeduretan nahiz laneko sistemetan, eta, gero, antolaketaren arloan hartu beharreko neurriak proposatuko dituzte, antolaketa-egiturek foru arau honetan ezarritako helburuak bete ditzaten.

3. Halaber, Foru Aldundiko organo eskudunek prestakuntza-programak, lanbide-gaitasunak garatzeko programak eta gardentasunaren arloko aprobetxamendurako programak sustatuko dituzte elkarrekin, Foru Aldundiko zuzendaritzako pertsonentzat eta langileentzat. Foru-sektore publikoko erakundeek Foru Aldundiarekin hitzartu ahal izango dute beren zuzendariek eta enplegatuek prestakuntza-jarduera horietan parte hartzea.

31. Artikulua Gardentasuna eta herritarrak.

1. Herritarrak dagozkien eskubideen inguruan sentsibilizatzeko, batez ere informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeari dagokionez, Foru Aldundian gardentasunaren arloko eskumena duen zuzendaritza-organoak azalpen-gida bat prestatuko du eta sentsibilizazio-kanpainak sustatuko ditu Bizkaiko Lurralde Historikoko erakundeei eta herritarrei begira.

2. Herritarrentzako egiten den edozein sentsibilizazio-kanpainaren eta akzio publikoren helburua izango da informazio publiko hori eskuratzeko erraztasunak ematea eta Interneten sartzeko aukerarik ez daukaten edo erabilera horretarako ezagutzarik ez daukaten pertsona edo taldeei eragin ahal dien edozein diskriminazio digital ekiditea.

3. Herritarrek eta beren erakundeek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeari dagokionez planteatzen dituzten zalantzak eta kontsultak Foru Aldundian gardentasunaren arloko eskumena duten zuzendaritza-organoek erantzungo dituzte.

32. Artikulua Gardentasun-politika garatzeko eskumena.

1. Foru Aldundian gardentasunaren arloko eskumena duten zuzendaritza-organoek behar diren neurriak diseinatu, sustatu, gauzatu eta bultzatuko dituzte, gardentasuna indartzeko, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eraginkorra egiteko eta elkarlaneko gardentasuna bideratzeko kanalak ezartzeko.

2. Halaber, Foru Aldundiaren eta foru-sektore publikoko erakundeen gardentasun-politika ebaluatzeaz arduratuko dira.

33. Artikulua Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta administrazioaren antolaketa.

1. Foru arau honen aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeek informazio publikoa kudeatzeko sistemak eta prozedurak ezarriko dituzte, gardentasunaren arloan eskumena duen zuzendaritza-organoak edo organoek zehaztutako irizpideak kontuan hartuta. Batez ere, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko eskabideak izapidetzeko sistemak eta prozedurak ezarriko dituzte, herritarren eskabideei behar bezala eta ezarritako denboran erantzuteko.

2. Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrera, erakunde bakoitzak data horretatik aurrera sortzen duen informazio publikoa bitarteko eta espediente elektronikoetan jasoko da, baita erreprodukzio errazeko formatuetan aldatzeko aukera ematen duten estandar irekietan ere, automatikoki aldatu ahal izateko erreproduzitu eta irakurri behar direnean. Modu iragankorrean, paperezko administrazio-espedienteak erabili ahal izango dira, baina arlo honetan eskumena daukan zuzendaritza-organoari jakinaraziko zaio, indartze- edo talka-programak edo neurriak ezartzeko eta espediente horiek ahalik eta eperik laburrenean digitalizatu ahal izateko.

II. KAPITULUA. GARDENTASUNAREN BERMEAK. ZEHAPEN-ARAUBIDEA.

34. Artikulua Gardentasunaren bermeak.

1. Publikotasun aktiboaren arloko betebeharrak eta informazio publikorako eskubidea baliatzeko eskabideak arduradun publikoen ardura izango dira, kargu foralak, zuzendariak edo enplegatu publikoak izan. Foru arau honetan eta aplikatu beharreko legerian ezarritakoaren arabera beteko dute ardura hori.

2. Publikotasun aktiboaren arloko betebehar horiek ez badira betetzen, herritarrek Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen aurrean salatu ahal dituzte ez-betetze horiek. Batzorde horrek, salaketaren nondik-norakoak aztertu ondoren, betebeharrak betetzeko eskatu ahal izango dio organo eskudunari.

3. Arduradun publikoek ez badituzte aintzat hartzen errekerimendu horiek, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak diziplinazko espedientea zabaltzeko eskatu ahal izango dio kasu bakoitzean eskumena duen organoari, foru arau honetan ezarritakoarekin bat etorrita.

4. Halaber, eskabideak onartzen ez direnean edo informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko aukera arrazoi barik ukatzen denean, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak diziplinazko espediente bat zabaltzeko eska dezake, legez ezarritako eskakizunak edo foru arau honetan ezarritakoak ez betetzeagatik.

35. Artikulua Foru Aldundiaren eta foru-sektore publikoko erakundeen zerbitzura dauden langileen erantzukizuna.

Foru arau honetan eta gardentasunaren arloan aplikatu beharreko legerian ezarritako betebeharrak eta eskakizunak ez betetzearen ondoriozko erantzukizuna eta kapitulu honetan ezarritako arau-hausteen erantzukizuna Foru Aldundiaren eta foru-sektore publikoko erakundeen zerbitzura dauden langileei badagokie, zehapen-prozedura enplegu publikoari buruzko araudian ezarritakoaren arabera izapidetuko da.

36. Artikulua Kargu publiko foralen eta parekoen erantzukizuna.

1. Aldundiko karguen edo maila horretakoen erantzukizunari dagokionez, foru arau honetan ezarritako betebeharrak eta eskakizunak betetzen ez direnean eta zehapen-prozedura hasi behar denean, kapitulu honetan ezarritakoa aplikatuko da, hurrengo zenbakian jasotako egoeran izan ezik.

2. Kapitulu honetan tipifikatutuako arau-hausteen arloko zehatzeko ahala erabiltzeko kapituluan bertan eta herri-administrazioen araubide juridikoaren arloko araudian xedatutakoa aplikatuko da, eta, bereziki, zehatzeko prozedura administratiboaren arlokoa. Araudi bera erabiliko da arau-hausteen eta zehapenen preskripzioari dagokienez.

37. Artikulua Arau-hausteen araubidea.

1. Kargu publiko foralei eta parekoei eta Foru Aldundiaren eta sektore publikoko erakundeen zerbitzura dauden langileei egotzi ahal zaizkien arau-hauste oso larriak dira:

 
  • a) Publikotasun aktiboaren eta datuak modu irekian eskaintzearen arloko betebeharrak ez betetzea, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak egindako errekerimendu espresua hirutan baino gehiagotan aintzat hartu ez denean bi urteko epean.
  • b) Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak, aurkeztu zaizkion erreklamazioetan, informazioa eskuratzeari dagokionez emandako ebazpena hirutan baino gehiagotan ez betetzea bi urteko epean.
 

2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

 
  • a) Foru arau honetan publikotasun aktiboaren eta datuak modu irekian eskaintzearen arloan ezarritako informazioa argitaratzeko betebeharra birritan baino gehiagotan ez betetzea, urte bateko epean.
  • b) Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak informazioa eskuratzeari dagokionez emandako ebazpenak birritan baino gehiagotan ez betetzea bi urteko epean.
  • c) Informazioa egiazkotasun printzipioak ezarritako eskakizunak bete gabe ematea, foru arau honetan gardentasunari eta informazio publikoaren kalitateari dagokienez ezarritakoaren arabera.
  • d) Urte batean birritan baino gehiagotan uko egitea, justifikaziorik gabe, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordean aurkeztutako erreklamazioak izapidetzeko eginkizunak betetzeko eskatutako laguntza emateari.
  • e) Informazio publikoa eskuratzeko eskabidea epe barruan ebazteko betebeharra birritan baino gehiagotan ez betetzea urte bateko epean, justifikaziorik gabe.
 

3. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

 
  • a) Publikotasun aktiboaren eta datuak modu irekian eskaintzearen arloko betebeharrak ez betetzea.
  • b) Informazio publikoa eskuratzeko eskabidea epe barruan ebazteko betebeharra ez betetzea, justifikaziorik gabe.
 

4. Aurreko zenbakietan ezarritako arau-hauste oso larriak, larriak eta arinak Foru Aldundiaren edo foru-sektore publikoko erakundeen zerbitzura dauden langileei egozten zaizkienean, sektore horri aplikatu beharreko arautegia dagokiela ulertuko da, langile horiek zein araubide duten kontuan hartuta: funtzionarioena, estatutupekoena edo lan-kontratudunena.

38. Artikulua Informazioa eman beharra duten pertsonen arau-hausteak.

1. Informazioa eman beharra duten subjektu pribatuei edo, hala badagokio, erakundeei egotzi ahal zaizkien arau-hauste oso larriak dira:

 
  • a) Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak publikotasun aktiboari eta datuak modu irekian eskaintzeari dagokienez egindako errekerimendu baten ondorioz, edo batzorde horrek informazioa eskuratzeari dagokionez emandako ebazpen bat betetzeko, eskatu zaien informazioa emateko betebeharra hirutan baino gehiagotan ez betetzea bi urteko epean.
  • b) Arau-hauste larriak behin eta berriro egitea. Behin eta berriro egin dela ulertuko da urte batean izaera bereko arau-hauste bat behin baino gehiagotan egiten denean, baldin eta arau-haustearen gainean ebazpen irmoa eman bada.
 

2. Subjektu horiei egotzi ahal zaizkien arau-hauste larriak dira:

 
  • a) Informazio eskaera bati ez erantzutea.
  • b) Informazioa egiazkotasun printzipioak ezarritako eskakizunak bete gabe ematea, foru arau honetan ezarritakoaren arabera.
  • c) Arau-hauste arinak behin eta berriro egitea. Behin eta berriro egin dela ulertuko da urte batean izaera bereko arau-hauste bat behin baino gehiagotan egiten denean, baldin eta arau-haustearen gainean ebazpen irmoa eman bada.
 

3. Subjektu horiei egotzi ahal zaizkien arau-hauste arinak dira:

 
  • a) Informazio ematean atzeratzea, justifikaziorik gabe.
  • b) Informazioaren zati bat baino ez ematea edo eskatutakoak ez diren baldintzetan ematea, foru arau honek baimendutako kasuetatik kanpo.
  • c) Informazioa foru arau honetan ezarritakoa bete gabe ematea.
 

39. Artikulua Zehapen-prozedura.

1. Foru arau honetan diziplinazko ahala erabiltzeko ezarritako prozedurak nahitaez beteko du interes-gatazkei buruzko foru araudiak ezartzen duena, ustezko erantzulea kargu foral bat edo parekoa denean.

2. Informazioa eman beharra duten subjektu pribatuen eta, hala badagokio, erakundeen arau-hauste administratiboen ondoriozko diziplinazko ahala erabiltzeko prozedurak, berriz, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriak ezartzen duena beteko du.

3. Edozein kasutan, prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak erabakita, organo beraren ekimenez edo goragokoen agindu batek, beste organo batzuen eskaera arrazoituak edo norbanako baten salaketak eraginda.

4. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak prozedura hasteko eskatuko du titulu honetan jasotako arau-haustekoetako bat izan daitekeen ez-betetze bat egon dela hautematen duenean. Kasu horretan, organo eskudunak prozedura hasi beharko du, eta Foru Aldundiari jakinarazi beharko dio emaitza.

40. Artikulua Zehatzeko ahala.

1. Diziplinazko zehapenak ezartzeko eskumena aplikatu beharreko araudian ezarritako organoaren ardura izango da.

2. Arau-hausteak kargu foralei eta parekoei egotzi ahal zaizkienean, arau-hausleari dagokion saileko titularrak baliatuko du zehatzeko ahala, zehapen arinen eta larrien kasuan, eta Foru Aldundiak, zehapen oso larriak direnean.

3. Euskal sektore publikoko gainerako erakundeetako zuzendaritza-karguei dagokienez, zehatzeko ahalaren titulartasuna haien barne araudian ezarriko da.

4. Funts publikoen kargura jasotzen dituen laguntzen edo diru-laguntzen ondorioz edo sektore publikoarekin dituen kontratu edo hitzarmenen ondorioz, informazioa eman beharra duen subjektu pribatu bat edo, hala badagokio, erakunde bat bada erantzulea, diru-laguntza edo laguntza publikoa eman duen edo kontratua edo hitzarmena sinatu duen saileko titularrak izango du eskumena.

Diru-laguntzak edo laguntza publikoak sail batekoak baino gehiagokoak badira edo kontratua hainbat erakunderen artean sinatu bada, kopururik handiena eman duen edo prestazioetan edo prezioan zamarik handiena hartu duen saileko titularrak izango du eskumena.

Informazioa emateko betebeharra subjektu pribatuak betetzen dituen eginkizun edo ahal publikoen ondorio bada, eginkizun edo ahal horien arloaren ardura duen saileko titularrak izango du eskumena.

5. Erantzulea pertsona fisiko edo juridiko bat da, Administrazioak foru arau honetan ezarritako betebeharrak benetan bete ditzan, pertsona horrek Administrazioari behar duen informazioa emateko betebeharra duelako, informazioa jaso behar duen saileko titularrak izango du eskumena.

41. Artikulua Zehapenen publikotasuna.

Foru arau honetan jasotako arau-hauste oso larriak eta larriak egiteagatik ezartzen diren zehapenak Gardentasunaren Atarian, egoitza elektronikoan edo web orrian argitaratuko dira, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar diren kasuen kalterik gabe. Horrez gainera, Foru Aldundian gardentasunaren arloan eskumena daukan zuzendaritza-organoak egiten duen urteko ebaluazio-txostenean ere agerrarazi ahal izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK.

Lehenengoa.Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren irizpide bateratuak.

1. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak foru arau honetan jasotako erregelak bakoitzak bere eremuan aplikatzeko irizpideak ezarri ahal izango dituzte elkarrekin, informazio publikoa eskuratzearen inguruko aurkaratzeen araubideari buruz, informazio publikoa eskuratzean interes publikoa haztatzeari eta informazio horretan beren datuak dituzten interesdunen eskubideak bermatzeari dagokienez, foru arau honetan eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa kontuan hartuta.

2. Edonola ere, haztapen hori egiteko kontuan hartuko dira, bereziki, oinarrizko legerian ezarritako irizpideak.

3. Halakorik ez badago, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak hitzarmen bat sinatu ahal izango du euskal legerian jasotako erreklamazio-organoarekin, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak eta organo horrek emandako irizpide bateratuekin bat egiteko.

Bigarrena.Kapitalaren gehiena publikoa duten erakundeetako gobernu-organoetan foru-sektore publikoaren ordezkari diren goi-kargudunen betebeharra, Aldundiaren parte-hartzea minoritarioa denean.

Kapitalaren gehiena publikoa duten erakundeetako gobernu-organoetan foru-sektore publikoaren ordezkari diren goi-kargudunek, Aldundiaren parte-hartzea minoritarioa denean, neurriak hartzeko proposamena egin beharko diote zuzendaritza-organo horri, publikotasun aktiboari dagokionez foru arau hau betetzen dela bermatzeko.

Hirugarrena.Zerga Administrazioak lortutako datuak.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 41. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean ezarritakoarekin bat, foru arau honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko Zerga Administrazioak bere eginkizunak egitean eskuratzen dituen datuei, txostenei edo aurrekariei. Kasu horretan, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arauaren xedatutakoa bete beharko da.

Laugarrena.Publikotasun aktiboa. Xedapen orokorrak.

Behar bezala egiaztatutako premiazko arrazoiak direla medio, xedapen orokorrei dagozkien arauetan ezarritako prozedura-izapideetako bat ezin denean bete, ez da nahitaezkoa izango izapide horiek betetzea, behar bezala justifikatzen bada. Halaber, ez da nahitaezkoa izango arau honen 7.a) artikuluan publikotasun aktiboari dagokionez jasotako betebeharra betetzea.

Era berean, arau honen 7.a) artikuluan publikotasunari dagokionez jasotako betebeharra ez da bete beharko Bizkaiko Kondaira Lurraldeko Foru Erakundeen Hautapen, Antolaketa, Erregimen eta Funtzionamenduari buruzko 3/1987 Foru Arauaren 11.9 artikuluan eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arauaren 8. artikuluan jasotako foru dekretu arauemaileen kasuan.

Edonola ere, xedapenak onartu eta gero, nahitaezkoa izango da publikotasunaren arloko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Bosgarren.

Bizkaiko Batzar Nagusiek beren Araudian ezarriko dute nola aplikatuko dituzten Foru Arau honetako eta oinarrizko araudiko xedapenak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen ohartarazpen eginkizunak.

Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordearen ohartarazpen eginkizunak. Foru arau honen indarraldiaren lehenengo urtean, Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordeak ez ditu erabili beharko zehapen-prozedurak hasteko eskaera egiteko eginkizunak. Batzordearen eginkizun bakarra izango da Foru Aldundiko eta foru-sektore publikoko erakundeetako organo eskudunei ohartarazpena egitea, ofizioz edo kexa edo salaketa baten bidez, jakinarazteko foru arau honetan edo arlo horretan aplikatu beharreko legerian gardentasunaren inguruan ezarritako betebeharrak edo eskakizunak ez direla betetzen ari, egoera zuzen dezaten.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira foru arau honetan ezarritakoaren kontra dauden Bizkaiko Lurralde Historikoko foru ordenamenduko xedapen arauemaile guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO

Lehenengoa

Lege hau aplikatu beharreko araudiaren printzipio orokorrekin bat etorrita aplikatuko da, baita araudiak euskal sektore publikoarentzat arlo honetan xedatzen dituen jarduteko xede eta printzipio orokorrekin bat etorrita ere, betiere, Aldundiaren autoantolaketarako gaitasuna eta autonomia funtzionala kontuan hartuta.

Bigarrena Erregelamenduak emateko gaitasuna.

Foru Aldundiak beharrezkoak diren erregelamenduak onartuko ditu, foru arau hau garatu eta betearazteko.

Hirugarrena Indarrean jartzea.

Foru agindu hau erregela hauen arabera jarriko da indarrean:

1. Foru arau honetan ezarritako betebeharrak araua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetera jarriko da indarrean, 10.2 artikuluaren a) eta b) letretan ezarritakoa izan ezik. Kasu horretan, xedapen arauemaile hau argitaratu eta urte batera jarriko dira indarrean. Halaber, agendako gertaera publikoen publikotasun aktiboa egiteko betebeharrak foru arau honen 6.1.b) artikuluan ezarritako baldintzetan jarriko dira indarrean.

2. Gardentasunaren inguruko Erreklamazioen Batzordea foru dekretu bidez sortuko da arau hau argitaratu eta sei hilabetera.

3. 29.1.2 artikulua, foru arau hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urte batera jarriko da indarrean. Epe horretan, foru arau honen bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa aplikatuko da.