Berriak
2022(e)ko otsailaren 27(a) 10:00
Aldundiak 250.000 eurorekin finantzatuko ditu udalek eta mankomunitateek sustatutako herritarren partaidetzarako prozesuak
Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea
Laguntzak hauek (bihartik –astelehena– aurrera eskatu ahal izango dira) Foru Erakundearen Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako 2020-2023 Foru Planaren helburuetako bat dute jomuga: tokiko erakundeek sustatutako herritarren partaidetzarako jardueren gaineko babesa indartzea, partaidetza Bizkaiko eskualdeei eta udalerriei balio gorena emango dien tresna bat izan dadin. Diru-laguntzak norgehiagoka-araubidean emango dira, eta urtean zehar hiru jarduera-eremutan garatuko diren proiektuetan banatuko dira: tokiko eskumenekoak diren eta udalerriak konpondu behar dituen gaietan parte hartzeko prozesuen garapena; herritarrekiko harreman digitala sustatzeko eta eten digitala murrizteko partaidetza-prozesuen garapena; eta herritarren partaidetzarako espazio eta organo formalen sorrera, biziberritzea eta hobekuntza.
Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntzen lerro bat onartu du, 250.000 eurotan, aurtengo urtean zehar udalek eta mankomunitateek sustatutako herritarren eta gizartearen partaidetzarako prozesuak babesteko. Laguntza hauek Foru Erakundearen Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako 2020-2023 Foru Planaren helburuetako bat dute jomuga: erakundeek sustatutako herritarren partaidetzarako jardueren gaineko babesa indartzea, partaidetza Bizkaiko eskualdeei eta udalerriei balio gorena emango dien tresna bat izan dadin.
Laguntza hauekin lortu nahi diren helburu zehatzak honako hauek dira: herritarren partaidetza handiagoa eta hobea sustatzea; partaidetzarako tresna eta espazioak Bizkaiko udalerri, eskualde, kolektibo eta talde desberdinetara hurbiltzea; partaidetza irtenbide berriak, adostasun berriak eta kolaborazio berriak lortzeko tresna dinamizatzaile bihurtzea, lurraldearen garapen jasangarrian aurrera egiteko; gizarte zibilaren inplikazioa sustatzea sektore publikoaren eginbeharrean, hartara gizarte-kohesioa bultzatuz; eta ekintza politiko eta administratiboaren eraginkortasun eta legitimitate handiagoa indartzea.
Udalek eta mankomunitateek bihartik (astelehena) aurrera aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak diruz laguntzeko eskariak. Ondoren, diru-laguntza horiek norgehiagoka-araubidean banatuko dira. Aurkezten diren proiektuak urte honetan zehar garatu eta gauzatu beharko dira. Era berean, hiru jarduera-eremutan garatu beharko dira:
- Herritarren eta gizartearen partaidetza-prozesuen garapena tokiko eskumeneko gaietan, besteak beste: mugikortasun jasangarria, zaintza-ereduak, bakardade eta isolamendu sozialerako irtenbideak, haurren eta gazteen partaidetzaren sustapena, gizartearen eta ingurumenaren garapenarekin lotutako boluntario-lana edo ekonomia zirkularra.
- Herritarren eta gizartearen partaidetza-prozesuen garapena, herritarrekiko harreman digitala sustatzeko eta eten digitala murrizteko, hau da, gizarteak dauden bitartekoak gehiago erabili ditzan lortzeko, eta, era berean, horiek hobetzeko aukerak eta beharrak identifikatzeko.
- Herritarren eta gizartearen partaidetzarako espazio eta organo formalen sorrera, biziberritzea eta hobekuntza, hau da, foroen eta partaidetzarako bide egonkorren sorrera, administrazioaren eta herritarren arteko elkarrekintza eta trukea ahalbidetzeko (esaterako, adineko pertsonen kontseilua, emakumearen kontseilua, gazteriaren kontseilua...).