2022(e)ko urtarrilaren 28(a) 10:22

Bizkaiko Foru Aldundiak saria jaso du datuen babesaren arloan egindako jardunbide egokiengatik

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak Bizkaiko Foru Erakundea saritu du datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko erregelamendu orokorra betetzerakoan frogatu duen proaktibitateagatik eta jardunbide egokiak betetzeagatik.

Leire Vitorica saria hartu du

Bizkaiko Foru Aldundia saritu egin dute gaur Datuak Babesteko Europako Egunarekin batera Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren (AEPD) egoitzan egindako galan; Aldundiak saria irabazi du datuen babesaren arloan egiaztatu duen proaktibitateagatik eta burutzen dituen jardunbide egokiengatik.

AEPDk "Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoa betetzeari buruzko Proaktibitatearen eta Praktika Egokien Sariaren" Accésita eman dio Foru Erakundeari. Saria ohorezko aipamen bat izan da, diploma eta garaikur baten bidez, eta Foru Erakundeak garatzen dituen proiektuen eta jardunbide egokien zabalkundea.

AEPDk Bizkaiko foru-sektore publikoko datuak babesteko araudiari egokitzeko planari ematen dion saria benetako pizgarria da Bizkaiko Foru Aldundiak eremu horretan erreferentziazko administrazio publikoa den aldetik duen konpromiso irmoan. Konpromiso hori gauzatzen jarraituko du bere eredua teknologia berriek sortzen dituzten datuen erabileratik erator daitezkeen erronka berrietara eta bete behar dituen lege-eskakizun berrietara etengabe egokituz.

Hala foru-erakundeak lanean jarraitzen du datuak babesteari buruzko araudira egokitzeko; lan hori foru-sektore publikoa egokitzeko planaren bidez egiten du, herritarren eta aldundiko langileen datu pertsonal ugari babestuko direla bermatzeko. Erakundeak gidatu du plana eta bere mendeko foru-erakunde publikoek inplementatu dute.

Plan honek, datuen babesaren eta informazioaren segurtasunaren arloan, kudeaketa korporatiboko eredua du oinarri. Eredu horren zutabe nagusiak datu pertsonalen babesa eta segurtasun integrala bermatzea dira, betiere ikuspegi proaktibo batetik abiatuta. Ikuspegi horrek betetze-kultura optimoa ezartzea ahalbidetzen du, etengabeko hobekuntzara bideratutako eredua, Aldundiaren eta foru-erakundeen barruko zeharkako kudeaketa eta langileen prestakuntza eta kontzientziazioa.