2020(e)ko maiatzaren 29(a) 10:42

Aldundiak parte hartu du Aragoiko Gobernuak Open Datari buruz antolatutako ekitaldi batean

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Maiatzaren 19an, Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartu zuen, aditu gisa, «Organismos del sector público: apertura y reutilización de la información» izeneko eztabaida-mahaian. Aragoiko Gobernua hainbat ekitaldi antolatzen ari da Aragón Open Data Focus proiektua zabaltzeko, eta egun hartan gauzatutako ekitaldia horietako lehena da. Aragón Open Data (2019 - 2022) estrategiatik dator aipatutako proiektua, eta, beste helburu batzuen artean, datu irekien kultura zabaldu nahi du erabiltzaileen kolektiboen artean, eta balio erantsiko zerbitzu berriak sortu.

Administrazio Publikoko enplegatuentzat zein sektore publikoko organismo autonomo eta enpresentzat antolatutako ekitaldi horretan, garatzen ari den proiektua aurkeztu zen, eta data storytelling kontzeptuaren berri eman zitzaien bertaratutakoei. Izan ere, Aragón Open Data Focus proiektua kontzeptu horretan inspiratzen da, era berritzailea baita datu irekien berrerabilpena hainbat motatako eragileen artean sustatzeko.

Horrez gain, eztabaida-mahai bat egon zen ekitaldian, eta bertan zenbait Administrazio Publikotako adituek hartu zuten parte. Datuak irekitzeko prozesuetan duten eskarmentuaz aritu ondoren, datu irekien onuretan jarri zuten fokua, eta aditzera eman zuten zer soluzio aukeratu zuten bidean sortzen ziren erronkei aurre egiteko. Zehazki, honako hauek hartu zuten parte: Leyre Vitorica (Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako zuzendaria), Ana Isabel Beltrán (Aragoiko Gobernuko Gardentasun Zerbitzuko burua), Joaquim Dorda i Ventura (Kataluniako Generalitateko Gardentasunerako eta Datu Irekietarako zuzendariorde nagusia) eta Antonio Ibáñez (Gaztela eta Leongo Juntako Gardentasunerako eta Informazioaren Berrerabilpenerako Zerbitzuko burua).

Bizkaiko Foru Aldundiak gardentasunaren eta datu-irekitzearen arloan ezarrita daukan prozesu integrala nabarmendu zuen. Prozesu horretan, hala foru-erakundeek nola toki-erakundeek dihardute elkarlanean. Horrez gain, laburki azaldu zuen datu irekien ataria sortzeko prozesua, eta, hari dagokionez, kalitatezko datuak irekitzeko duen asmoa azpimarratu zuen.

Azkenik, parte-hartzea bultzatzeko gauzatu zen dinamika batean, bertaratutakoek, tresna digitalak erabiliz, saioan zehar sortu ziren kasuistiken beharrizan eta soluzioak identifikatu zituzten.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu web-orri hau (espainolez): https://www.aragon.es/-/los-datos-abiertos-mas-cerca-de-la-sociedad-aragon-open-data-focus