2020(e)ko maiatzaren 21(a) 09:15

Aldundiak eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programa batu die Bizkaiko ekonomia suspertzeko baliabideei

Ekonomia Sustatzeko Saila

660.000 euroko foru-inbertsio baten bidez, eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programak indartu egiten du tokiko erakundeek Bizkai osoaren garapen ekonomikoan eta enpresa-sarean duten eginkizuna.

Ekonomia Sustatzeko Sailak 660.000 euro bideratu ditu ekitaldi honetan eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programara, tokiko eta eskualdeko erakundeek Covid-19ak sortutako egoerari erantzun ahal izan diezaioten eta Bizkaiko eremu guztietan ekonomia sustatzeko proiektuak eta jarduerak bultzatzen jarraitzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onetsitako dekretua hauei zuzentzen zaie: toki-garapeneko agentziei, mankomunitateei, udalei eta toki-garapeneko agentziarik ez duten entitateei. Dekretuak, gainera, dirulaguntzak jasotzen ditu bere lurralde-eremuaren barruko enpresa-sarean inpaktua lortzeko bideratutako jarduerei laguntzeko.

Programaren 2020ko deialdia behar bezala egokitu da osasun-larrialdiko egoerak sortutako testuinguru berrira. Hala, dekretuak dirulaguntzak aurreikusten ditu, betiere erreferentzia moduan eskualdea hartuta, industria-sektoreetako enpresen premiei eta industriarekin eta handizkako merkataritzarekin lotutako zerbitzuei erantzuten dieten erakunde onuradunen sustapen ekonomikoko jardueretarako, COVID-19aren eraginak sortutako egoeraren ondoren.

Eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programa enpresa-ehunaren erronka nagusiei erantzun diezaieketen jardueretara bideratuta dago. Horrela, enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak bultzatuko dira, besteak beste digitalizazioaren eta 4.0 industria ekimenaren, enpresa-kudeaketa hobetzearen, berrikuntza sustatzearen, nazioartekotzean eta enpresen arteko lankidetzan jarduten dutenen kasuan.

Era berean, dekretuak ete-ei eta mikroete-ei zuzendutako prestakuntza-proposamenak babesten ditu, bereziki gaur egun enpresak kezkatzen dituzten gaiei buruzkoak: digitalizazioa, merkataritza suspertzea, aukera-sektoreen inguruko negozio-aukera berriak sortzea, enpresa traktoreen eta ete-en arteko lankidetza aktibatzeko proiektuak, berrikuntza irekia bultzatzeko proiektuak, enpresa kooperatiboak sortzea edo hurbilago dauden balio-kate berriak garatzea, besteak beste.

Bizkaia Orekan Sakonduz

Bizkaia Orekan Sakonduz Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da, lurraldearen garapen orekatu eta jasangarrian sakontzen jarraitzeko, lehiakortasuna bultzatzen duten garapen-eragile eta -erakundeekin lankidetza dinamikak garatuz.

Lurralde osoan zehar Bizkaia Orekan Sakonduzen inguruan ehundutako sarea funtsezkoa da Bizkaiko eremu guztiak berraktibatzeko, hurbiltasunagatik eta erakunde horiek udalerriko enpresen behar erreal eta espezifikoei buruz duten ezagutzagatik, bai eta lurraldeko enpresa txikiei dauden tresna eta neurri guztiak ezagutarazteko ere.

Bizkaia Orekan-en inguruan tokiko eta eskualdeko eragileekin batera sortutako sareari esker, azken asteetan 62 pertsonako talde bat antolatu da, zeina ahalbidetzen ari baita osasun-larrialdiaren ondorioak arintzeko abiarazitako neurriak eta laguntzak hel dakizkien Bizkaiko zonalde guztietako enpresa txikiei eta pertsona ekintzaileei.