2020(e)ko maiatzaren 15(a) 13:29

Aldundiak kanpoaldea eta ekipamendu publikoak desinfektatzeko zerbitzua eskainiko die udalerriei, Basalanen bitartez

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Lan horiek egiteko, bi motatako kamioiak eta pick up bat erabiliko dira kanpoko espazioetan, eta, ekipamendu publiko horien barnean, motxila atomizagailu elektrikoak. Desinfektatzeko sodio-hipokloritoa erabiliko da, % 0,1eko disoluzioan, ezarritako zehaztapen tekniko eta prozedurekin bat, osasunaren eta ingurumenaren arloko bermerik handiena izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpoko espazioak (kaleak, galtzadak, espaloiak, parkeak, plazak, lorategiak, arkupeak...) eta ekipamendu publikoen barrualdea (kultur etxeak edo antzokiak) desinfektatzeko zerbitzua eskainiko du Basalan sozietate publikoaren bitartez. Zerbitzu hori eskaintzen hasi aurretik, proba pilotu bat egingo da Loiun, maiatzaren 20an, foru-erakundearen eta Loiuko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena dela bide. Une horretatik aurrera, lurraldeko gainerako udalei eskainiko zaie, eta tarifak eskainiko den zerbitzuaren araberakoak izango dira.

Basalanek Bizkaiko egoitzetan egindako tratamenduetan izan duen esperientzia aplikatuko du, erabilera publikoko espazio horietan higiene- eta osasun-baldintza egokiak egon daitezen. Horretarako, desinfekzio-maila handia eskaintzen duten sistemak erabiliko ditu, eta COVID-19a deuseztatzeko behar diren denborak eta produktu-kontzentrazioa errespetatuko ditu. Desinfektatzeko sodio-hipokloritoa erabiliko da, % 0,1eko disoluzioan, osasunaren eta ingurumenaren arloko bermerik handiena izateko ezarri diren zehaztapen tekniko eta prozedurekin bat.

Kanpoko espazioetako desinfekzioa egiteko kamioi mota bi erabiliko dira: 14.000 litroko bat errepide eta bide nagusietarako, eta 1.000 litroko beste bat bigarren mailako errepideetan, auzoetan eta landa-eremuetan. Ibilgailu horiek sartu ezin diren eremuetan (plazak, parkeak, bidegorriak, patioak, atariak, arkupeak edo portikoak), 500 litroko presio altuko ekipoa duen pick up bat erabiliko da.

Desinfektatzailea 14 litroko motxila atomizagailu elektrikoen bidez lainoztatuko da barneko espazioetan, eta kontaktua duten azalera guztiak garbituko dira: apalategiak, apalak, euskarriak, leihoak, heldulekuak eta ateak, edo komunak eta aldagelak.

Lainoztapena airera igortzen diren mikrotanten bidez egiten den garbiketa da. Aplikazio-sistema horri esker, substantzia desinfektatzaile hori garbiketa-metodo tradizionalak heltzen ez diren eremuetara sar daiteke.

Gainera, espazio handiak desinfektatzeko aukera ematen du, nahiko denbora laburrean, produktu desinfektatzailea erraz sakabanatzen delako.