Goi-kargudunen curriculum profesionala

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA

BIZKAIKO AHALDUN NAGUSIA

Otxandiokoa da (1978), eta bertan bizi da. Ezkonduta dago eta seme bat eta alaba bat ditu.

Bere ibilbide profesionala, Zuzenbideko ikasketak amaitu ondoren, batez ere Administrazio Publikoan finkatu da. Durangoko Udaleko karrerako funtzionarioa da eta hamar urtez jardun zuen kontratazioarekin, ondarearekin edo hirigintza-diziplinarekin lotutako eginkizunetan.

2013an Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izendatu zuten. Garai horretako lanik azpimarragarriena 2016an Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen izapidetzean, negoziazioan eta onarpenean parte hartzea izan zen, Josu Erkorekaren gidaritza politikoarekin eta Peru Bazakoren zuzendaritza estrategikoarekin.

Lege horren garapen-dekretuetako biren lanketan ere parte hartu du, eta azpimarratzekoa da 2019an Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa. Aldi horretan bere gain hartu zuen, halaber, fundazio, elkarte edo elkargo profesionalen gaineko erantzukizuna, horien guztien erregistroak bere zuzendaritzarenmende baitzeuden.

Hortik, 2019an, Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren ardura hartu zuen, eta duela gutxi, 2020. urtearen amaieran, Segurtasun Sailera joan zen, eta han Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzan jardun du.

2021ean Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu izendatu zuten, eta 2023ko uztailaren 5ean Bizkaiko Batzar Nagusiek Ahaldun Nagusi izendatu dute.

Euskalduna da, eta gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten eta idazten du.