Ohiko galderak

Zer ezberdintasun dago informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen eta beste gai batzuen artean (herritarrei informazio-emateko zerbitzua edo kexak edo iradokizunak egiteko aukera)?

Informazio publikoa eskuratzeko eskubideak herritarrei oinarrizko informazioa emate hutsa gainditzen duen informazioa hartzen du, batez ere, eta lotura estua du baliabide publikoen erabilerarekin eta erabilera horren eraginarekin. Halaber, eskubide bat denez, eskatzaileak babes juridiko berezia du.

Adibide praktiko bat: informazio publikoa eskuratzeko eskubideaz ari gara programa edo zerbitzu jakin baten kostuaren berri izan nahi dugunean, haren eraginaren adierazleak edo herritarren poztasun maila ezagutu nahi ditugunean. Bestalde, zerbitzu batean sartzeko modua (non eta zer ordutan hartu ahal gaituzten, zer agiri aurkeztu behar dugun...) jakin nahi badugu, herritarrei informazioa eta laguntza emateko zerbitzuaz ari gara. Zerbitzu hori kalitate eta berme handienekin eman beharko da ere, baina ez dauka informazio publikoa eskuratzeko eskubideak daukan babes juridiko berezia.

Interesen bat frogatu behar du eskatzen dudan informazioari dagokionez?

Ez, ez da interesik arrazoitu edo justifikatu behar informazio publikoa eskatzeko. Edonola ere, eskaera zehatza bada, eskatzen dena hobeto ulertzen eta erantzuna prestatzen lagundu ahal du.

Gardentasunaren kontu hau teknologia berriak erabiltzeko ohitura duten pertsonentzat da?

Ez. Herritarrek badute informazioa beste bide batzuetatik jasotzeko eskubidea ere. Hala ere, online kanalari eman behar zaio lehentasuna, izapideak azkarrago egiteko aukera ematen duelako eta paperaren erabilera murriztuko duen edo espedientearen egoeraren trazabilitatea hobetuko duen administrazio publikoa lortzen laguntzen duelako.

Zehazki, badago informazio publikoa eskuratzeko eskubidea aurrez aurre baliatzeko aukera, Aldundiak horretarako dituen erregistroetan. Kasu horretan, Laguntza zerbitzuaren laguntza jaso ahalko da edozein zalantza edo beharrizanen aurrean. Halaber, postaz (posta ziurtatua) baliatu ahal da eskubide hori.

Badaukat betebeharrik?

Bai, ere. Hauek dira herritarren betebehar nagusiak:

  • Eskatzen den informazioa ahalik eta gehien zehaztea.
  • Fede onaren printzipioaren arabera jardutea, eta materialki eta denborari dagokionez neurriz kanpokoak diren eskabideek ez aurkeztea.
  • Informazio jakin bat eskuratzeko ebazpen bat ematen bada, ebazpen horretan ezarritako baldintzak eta eskakizunak betetzea

Ukatu ahal da informazio publikoa eskuratzeko eskubidea?

Bai, eta hala ezartzen du indarrean dagoen arautegiak.

Muga nagusia da Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan jasota dauden izaera pertsonaleko datuekiko eta hirugarrenen interesekiko begirunea bermatzea. Interes hauetaz ari gara: jabetza industriala eta intelektuala, lanbide-sekretua…

Horrez gainera, erakundeen ikuspuntutik, eta, kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta foru-sektore publikoaren ikuspuntutik, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen mugen barruan, Bizkaiko Lurralde Historikoko interes ekonomikoei eta merkataritzakoei eragiten dien informazioa ez ematea justifikatu ahal izango da.

Halaber, indarrean dagoen arautegiaren arabera, informazio publikoa eskuratzeko eskabideak ez dira izapidetzeko onartuko informazio hori prestatze-prozesuan dagoenean edo argitaratze orokor bat egiteko denean, edo informazioa osagarria, instrumentala edo laguntzekoa denean, besteak beste.

Edonola ere, informazioa ez ematea salbuespena izango da, eta ez erregela. Gainera, proportzionaltasunez aplikatuko da, babestu nahi den eskubidearen arabera doituta, eta ebazpen arrazoitua eman beharko da.

Nola arautzen da eskubide hori?

Gardentasunerako eskubidea Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legearen bidez arautu da batez ere. 19/2013 Legeak aukera ematen die autonomia erkidegoei haien arauak garatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren kasuan, Bizkaiko Gardentasunari buruzko Foru Arauak Aldundiaren eta foru-sektore publikoko erakundeen betebeharrak zehaztu eta gehitzen ditu.

Gardentasunaren arloko oinarrizko kontzeptuak eta arautegia atalean, Bizkaiko Foru Aldundian eta foru-sektore publikoko erakundeetan gardentasuna arautzen duten arauen testu osoak ikusteko aukera izango duzu.

Zer eskubide ditut herritar gisa?

  • Indarrean dagoen arautegiak ezarritako publizitate aktiboaren edukiak argitaratzea, gutxienez.
  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta erakunde publikoek nik eskatutako informazioa indarrean dagoen arautegiak ezarritako epeetan ematea eta eskabidean adierazitako forman eta formatuetan jasotzea, aukera hori ezinezkoa denean eta horretarako arrazoiak azaltzen direnean izan ezik.
  • Eskuratu nahi den informazioa osorik edo haren zati bat ukatzen denean, horren arrazoiak ezagutzea.
  • Foru arauak eta gardentasunaren arloko gainerako arautegiak ematen dizkidaten eskubideen berri jasotzea eta informazio publikoa eskuratzeko nire eskubidearen benetako eraginkortasuna bermatzeko aholkularitza jasotzea.

Horrez gainera, informazio hori argi eta ulertzeko moduan idatzita egon beharko da.