Hitz gutxitan

Herri administrazioetan, gardentasunak esan nahi du herritarrei gobernuari eta kudeaketari buruzko informazioa ematea, batetik, Administrazioaren kontuak emateko lanak errazteko, eta, bestetik, kudeaketa publikoa hobetzeko, eta, beraz, administrazio publikoen funtzionamenduan eraginkortasuna handitzeko.

Gardentasuna hiru dimentsiotan proiektatzen den politika publiko gisa defini dezakegu:

  • Batetik, publizitate aktiboa dago. Administrazio Publikoak informazio publiko garrantzitsua zabaltzeko egiten duen jarduketa «proaktiboa» da. Horretarako, Gardentasunaren Ataria erabiliko du, batez ere.
  • Bestalde, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea dugu. Informazio publikoa da Administrazio Publikoak duen edozein eduki edo dokumentu, euskarria edozein dela ere, administrazio horrek bere eginkizunen barruan egin, aldatu edo eskuratu baditu eduki edo dokumentuok. Pertsona fisiko eta juridikoek baliatu ahal izango dute informazio publiko hori eskuratzeko eskubidea.

Kasu hauetan baino ezin izango da ukatu informazioa eskuratzeko aukera: informazio hori eskuratzeak interes publikoari benetako kalte bat eragin ahal diola edo datu pertsonalak babesteko eskubidea urratu ahal duela egiaztatzen denean.

Gardentasun «pasiboaren» dimentsio espezifiko gisa ulertu behar da, ez baitu botere publikoak aktibatzen, herritarrek baizik     

  • Eta, azkenik, elkarlaneko gardentasunaz hitz egin dezakegu. Lotura dauka datuak modu irekian eskaintzearekin (Open Data) eta informazioa berrerabiltzearekin, politika publikoak sustatu, diseinatu, betearazi, ebatzi edo ebaluatzeko lanetan herritarrek parte hartzeko prozesuak bideratzeko.