2018(e)ko ekainaren 05(a) 12:32

Bizkaiko Foru Aldundiak Interes Gatazkei eta Bateraezintasunei buruzko Foru Arauaren aurreproiektua onartu du

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Foru-araua hauei aplikatuko zaie: Ahaldun Nagusiari, foru-diputatuei, Foru Administrazioko zuzendari nagusiei eta Bizkaiko foru-sektore publikoaren mendeko edo hari atxikitako entitateetako zuzendari edo gerenteei. Arauan foru-kargu publikodunen jarduna zuzendu behar duten printzipio etikoak eta gobernu onarenak ezartzen dira, bai eta karguan aritu bitartean sor daitezkeen interes-gatazkak eta bateraezintasunak prebenitzeko eta identifikatzeko araudi bat eta araudi hori betetzen ez dituztenentzako zehapen-araubidea ere. Orobat, foru-arauan ezartzen diren betebeharrak betetzen diren zaintzeko eta kontrolatzeko berme organo baten sorrera aurreikusten da artikuluetan. Foru-arauaren proiektu hau laster bidaliko zai Batzar Nagusiei, izapidetu ondoren, onartua izan dadin.

Ibone Bengoetxea prentsa aurrekoan

Bizkaiko Foru Aldundiak Interes Gatazkei eta Bateraezintasunei  buruzko Foru Arauaren aurreproiektua onartu du. Arauan, foru-kargu publikodunen estatutua arautzen da; kargudun horien eginkizunen jarduna bideratu behar duten printzipio etikoak eta gobernu onarenak jasotzen dira; interes-gatazkak eta bateraezintasunak prebenitzeko eta identifikatzeko araudi bat ezartzen da, eta foru-araua indarrean jartzen denetik aurrera aplikatu beharreko bateraezintasunen araubidea eta zehapen-araubidea jasotzen dira.

Foru-arauaren xedea foru-kargu publikoan zehar bateraezintasun eta interes-gatazken sorrera prebenitzea da, eta horretarako beharrezkoak diren mekanismo eta tresnak ezartzen dira, gobernu onaren esparru batean. Hala bermatzen da goi-kargudunek jokabide zintzo, garden, inpartzial eta arduratsua izango dutela beren eginkizunak betetzean. Hori guztia demokrazia aurreratuenetan garatzen ari diren politikekin bat, zeinak bideratuta dauden zenbait balio sustatzera erakunde publikoetan zein politikan, zuzendaritza publikoan eta enplegatu publikoen jardunean aritzeko moduan.

Bateraezintasunei eta Interes Gatazkei buruzko FAk lau helburu nagusi ditu:

  • Foru Aldundiko eta haren entitate publikoetako kargu publikodunei printzipio etikoak eta gobernu onarenak eskaintzea, eginkizunak betetzean orientatzeko balioko dietenak.
  • Karguan aritu bitartean sor daitezkeen interes-gatazkak eta bateraezintasunak prebenitzeko eta identifikatzeko araudi bat ezartzea, eta halako egoera batean jarraitu beharreko prozedurari buruzko orientazioa ematea kargu publikodunari.
  • Foru-kargu publikodunen estatutuaren oinarrizko osagaiak erabakitzea, bai halako kargudunen izendapenarekin lotutako gaiei dagokienez, bai haien bateraezintasun- eta bateragarritasun-araubideari dagokionez. Araubide hori lehen adierazitako interes-gatazkaren araudiaren osagarri izango da.
  • Arauan ezarritakoa betetzeko bermeen sistema bat ezartzea, eta zehapen-araubide bat garatzea.

Foru-araua prebentziora —zehatzera edo mugatzera baino— bideratutako eredu batean oinarritzen da, eta, ildo horretan, beharrezkoak diren mekanismoak eta tresnak ezartzen ditu, eta, hori guztia, kargudun publikoen eredugarritasuna bermatzeko, erakundearen irudia zaintzeko eta herritarrek erakundeetan duten konfiantza sendotzeko.

Ahaldun Nagusiari, foru-diputatuei, Foru Administrazioko zuzendari nagusiei eta Bizkaiko foru-sektore publikoaren mendeko edo hari atxikitako entitateetako zuzendari edo gerenteei aplikatuko zaizkie foru-arauaren xedapenak, eta indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean foru-kargu publikodunen katalogo bat onartzea aurreikusten da.

Halaber, arauan, Foru Aldundiko eta haren entitate publikoetako kargudun publikoei printzipio etikoak eta gobernu onaren eta herritarrekiko harremanaren printzipioak eskaintzen ditu, eginkizunak betetzean orientatzeko balioko dietenak. Zehazki printzipio etikoen artean, zuzentasuna, eredugarritasuna, objektibotasuna, inpartzialtasuna, erantzukizuna, zintzotasuna eta begirunea jasotzen dira, eta gobernu onarekin lotutako beste batzuk, hala nola lidergoa, gobernu irekia, bikaintasun profesionala eta baliabideen erabileraren eraginkortasuna. Hori guztia osatzeko, herritarrekiko harremanaren printzipioen multzo bat dago, besteak beste hauek biltzen dituena: genero-berdintasuna sustatzea; herritarren parte-hartzea sustatzea politika publikoen diseinuan, edo kultura-ondarea eta ingurumena babestea.

Interes-gatazkak prebenitzea

Interes-gatazkei dagokienez, arauan hiru momentu bereizten dira: kargu publikora heldu aurreko egoeren ondoriozko interes-gatazkak, karguan aritu bitartean sor daitezkeenak, eta kargua utzi ondorengo egoeren ondoriozkoak.

Kargu publikora heldu aurreko egoeren ondoriozko interes-gatazkak prebenitzeko, izendatuak izan aurreko bi urteetan garatu dituzten jarduera profesional zein ekonomikoekin lotutako gaietan abstenitu beharra ezartzen da. Ildo horretan, jardueren aitorpen bat egin beharko dute.

Halaber, izendatuak izan aurretik, kargu publikodunek ondare-ondasun, -eskubide eta -betebeharren aitorpen bat egin behar dute, non gutxienez hauek agertuko diren: ondare-ondasun, -eskubide eta -betebeharren zerrenda, balore edo finantza-aktibo negoziagarriak, sozietate-partaidetzak, eta partaidetutako sozietateetan eta era guztietako sozietateetan dituzten sozietate-partaidetzak eta sozietateon gizarte-helburua, betiere haietan interesak badituzte aitortzaileak, haren ezkontideak —ezkontzaren araubide ekonomikoa dena dela— edo harekin antzeko maitasun-harremanean bizi den pertsonak eta menpeko seme-alabek edo tutoretzapeko pertsonek.

Foru-kargu publikoan aritu bitarteko egoerei dagokienez, arauan ezartzen da zein kasutan abstenitu edo inibitu behar duten halako kargu publikodunek interes-gatazkak saihesteko.

Foru-kargu publikoa utzi ondorengo interes-gatazkak prebenitzeko mekanismoei dagokienez, testu arauemaileak foru-kargu publikodunei ezartzen die kargu utzi ondorengo bi urteetan garatuko dituzten jarduera guztiei buruzko aitorpen bat egin beharra.

Foru-kargu publikodunen estatutua eta bateraezintasunen araubidea

Halaber, arauan foru-kargu publikodun izendatutako pertsonaren estatutua arautzen da, eta zuzendari nagusien eta antzeko kargudunen izendapenari buruzko aurreikuspen zehatz batzuk ezartzen dira. Halaber, erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharra ezartzen da, izendapen-egintzarekin batera.

Bateraezintasunen sistema bat ere arautzen da, eta gai ohikoagoei heltzen die, hala nola dedikazio esklusiboa, ordainsari bakarra eta zenbait muga eta bateraezintasun. Horrez gainera, beren-beregi aipatzen dira bateragarritasun-kasuak, foru-kargu publikoaren eta jarduera pribatuen, jarduera publikoen edo hautapenezko karguen artekoak. Ondoren, prestakuntza- eta irakaskuntza-jarduerei buruzko arauketa espezifiko bat ezartzen da.

Berme Organoa

Arauan ezarritako betebehar guztiak betetzen diren zaintzeko, berme organo bat sortuko da, eginkizun hauek izango dituena: interes-gatazken eta bateraezintasunen araubidea kudeatuko du eta haren jarraipena eta kontrola egingo du; testu arauemailean jasotako betebeharrak bete daitezela eskatuko du; foru-kargu publikodunen katalogoa kudeatu eta eguneratuko du, eta Gobernu Kontseiluari eta Batzar Nagusiei jakinaraziko die foru-kargudun publikoek betebeharrak zer mailatan betetzen dituzten.

Zehapen-araubidea

Azkenik, arauan zehazpen-araubide oso bat jasotzen da, non arau-hausteak tipifikatzen diren eta zehazpenak eta kontratatzeko debekua ezartzen diren.

Arauak arau-hauste oso larritzat jotzen ditu printzipio etikoak eta gobernu onarenak ez betetzea, datu edo dokumentu faltsuak dituzten aitorpenak aurkeztea, inibitzeko edo abstenitzeko betebeharra ez betetzea, artikuluetan sozietate-partaidetzetan ezarritako ondare-mugak ez betetzea,  balioak eta beste finantza-aktibo negoziagarri batzuk kudeatu eta administratzeko finantza-erakunderen bat kontratatzeko ezarritako betebeharrak ez betetzea.

Arauak arau-hauste larritzat jotzen ditu jardueren aitorpena eta ondasunen eta interesen aitorpena ez egitea dagokien erregistroetan, foru-kargu publikodunei ohartarazpena edo errekerimendua egin bazaie ere; eta arauan ezarritakoarekin bat aurkeztu behar diren datuak eta dokumentuak nahita ez aurkeztea.


Argazkiak


Bideoak


Audioak