2018(e)ko martxoaren 22(a) 18:10

Bizkaiak kontratazio eta lizitazio elektronikoan duen esperientziaren berri eman du Bartzelonako Gobernu Digitalaren Batzarrean

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Nerea Martiartuk, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako zuzendariak, hitzaldi bat eman du, eta han, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontratazio Zentralari eta BiscayTIK fundazioak lurraldeko udalerri guztietan lizitazio elektronikoko eredua ezartzeko egindako lanari buruz mintzatu da. Tokiko Gobernu Digitalari buruzko Batzarra gaur egin da Bartzelonan. Mila pertsona bildu dira han, bai eta erakundeak modernizatzearen eta eraldatzearen aldeko 100 hizlari inguru ere, publikoak zein pribatuak.

Nerea Martiartu, bere hitzaldian

Nerea Martiartuk, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako zuzendariak, gaur Bartzelonan egindako Tokiko Gobernu Digitalari buruzko Batzarrean hartu du parte. Hitzaldi bat eman du, eta azpimarratu du BiscayTIK fundazioa lanean ari dela lurraldeko udal guztietan lizitazio elektronikoko eredua ezartzeko. Horri esker, udalerri guztiek, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Lege berrian jasotako betekizunak bete ditzakete; izan ere, bestela, udal horietako batzuek, txikiek batez ere, zailtasun handiak izango lituzkete hain inbertsio handiak egiteko.

Martiartuk BiscayTIK fundazioak gauzatutako lizitazio elektronikoan oinarritutako irtenbide teknologikoaren balioa nabarmendu du. Doako tresna segurua da, behar bezala frogatutakoa, udalen arteko alde teknologikorik egon ez dadin laguntzen duena. Horri esker, udalerrietako kontratazio prozesuak, beste edozein izapide bezala, interneten bitartez burutu ahal izango dira hasieratik amaierara arte; Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko egiten du hori.

Lizitazio elektronikoak administrazioen eta enpresa hornitzaileen arteko harremana errazteko aukera ematen du. Teknologikoki burutzen da prozesu osoa: pleguak argitaratzea, eskaintzak aurkeztea, kontratua esleitzea, etab. Horrek abantaila handia dakar, denbora eta gastuak aurrezten direlako, eta gardentasuna eta aldiberekotasuna handitzen direlako.

Halaber, ETEentzat ere onuragarria izan daiteke. Tradizioz, enpresa txiki eta ertainak erosketa publikoen merkatutik at geratu izan dira. Aitzitik, dirudienez, egiaztatu da lizitazio elektronikoak horrelako enpresak administrazioen eskaintzetara aurkez daitezen sustatzen duela. Neurri hori ez ezik beste batzuk ere hartu dira, hala nola kontratuak lote txikiagoetan banatzea edo hainbat enpresa txikik prozeduretan batera parte hartzeko aukera ematea. Horiek guztiek, lizitazio elektronikoarekin batera, ETEek eskaintzak eskuratzeko zituzten oztopoetako asko kentzea ekarri dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontratazio Zentrala

Bere hitzaldian, Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako zuzendariak Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontratazio Zentralak nola funtzionatzen duen ere azaldu du, eta zer-nolako ahalmena duen kontratazio publikoko pleguetan gizarte, ingurumen eta beste era bateko klausulak txertatzeko tresna estrategiko gisa.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2016ko uztailaren 20an onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontratazio Zentrala sortzea, eta honako erakunde hauek parte hartzen dute bertan: foru aldundiak eta haren erakunde publikoek, bai eta beren borondatez zentralari atxiki nahi zaizkion lurraldeko udalek eta toki erakundeek ere. Obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazio zentralizatua erakunde parte-hartzaile guztiei errazteko asmoz sortu zen; horri esker, eskaintza hobeak izan daitezke, kostuak aurreztu, erosketa-denborak murriztu eta kontratuen administrazio-izapideak erraztu.

Zentralari atxikitzeko sistema oso malgua da, eta edozein unetan sar daiteke bertan, prozedurak uniformatuz eta erraztuz. Martxan jarri zenetik, 111 erakunde dagoeneko atxiki zaizkio Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontratazio Zentralari (foru aldundiaz gain, aldundiko sektore publikoa osatzen duten 18 erakundeak, 65 udal eta udalei, partzuergoei nahiz mankomunitateei lotutako 28 erakunde publiko). Hau da, biztanle kopuruari erreparatuz, Bizkaiko Lurralde Historikoko biztanleriaren % 80 da.

2016an eta 2017an 12 esparru-akordio formalizatu dira, eta haien ondoriozko 250 kontraturi baino gehiagori estaldura ematen diete. 2018an 7 esparru-akordio gehiago prestatzen ari dira.

Tokiko Gobernu Digitalari buruzko Batzarra

Bartzelonan gaur antolatu den Tokiko Gobernu Digitalari buruzko Batzarra Kataluniako erreferentziazko eztabaida-foroa da administrazio digitalaren arloan. Aurtengo edizioa tokiko eremuan oinarritzen da, eta dinamika, prozesu nahiz lan egiteko moduen eraldaketa digitala bilatzen duten tokiko eremuko proiektuak, ekimenak azpimarratu nahi ditu, helburu honekin: gizarte digitalak dakarren iraultza sozial, ekonomiko eta kulturaletik sortutako erronka berriei erantzutea.

Erakundeetako eraldaketan eta modernizazioan murgilduta dauden tokiko eremuko arlo zein zerbitzuetako goi-kargudun eta teknikarientzat da, baina baita erakundeetako eraldaketa digitaleko aditu publiko eta pribatuentzat ere. Ekitaldi honetan 1.000 inguru parte-hartzaile eta 100 hizlari baino gehiago izan dira antolatutako 50 saioetan banatuta; mahai-inguruak, tailerrak eta hitzaldiak eman dira, hain zuzen ere, saio horietan.


Argazkiak