2018(e)ko otsailaren 28(a) 12:04

Bizkaian azken 33 urteetako elurterik handiena izan da

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Lurraldean ohiz kanpoko goiza bizi izan da errepideen neguko dispositibo guztia lanean egon delarik; puntu kritikoak eta lehentasunezko ardatzak irekita mantentzea lortu dute nahiz eta elurte handiak egon diren. 11:30ean edukiera handiko sare guztia eta metropoliko sarea jada erabilgarri zeuden.

Asteazken honetan Bizkaian 1985. urtetik egon ez den elurtea bizi izan da, orain dela 33 urtetik hain zuzen ere. Ezohiko goiz honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri ditu prezipitazio bizien kontrako eraginak arintzeko errepideen neguko planeko baliabide guztiak; prezipitazioak lurralde osoan zehar egon dira. Elurra kentzeko 76 makinek eta langile guztiek lan handia egin dute foru sareko errepideak normaltasunera bueltatzeko.

11:30ean edukiera handiko sare guztia eta metropoliko sarea jada erabilgarri zeuden. Baldintza meteorologikoak muturrekoak izan diren arren, sareko puntu kritikoak eta lehentasunezko ardatzak (ospitaleak, aireporturako sarbideak, portua eta komunikazioko bide nagusiak) irekita mantendu dira.

Goiza bereziki zaila izan da. Zero kotan egondako elurteez gain, zenbait istripu gertatu dira Bilboko metropoli-eremuan, eta zirkulazioa zaildu dute. Portuen egoerari dagokionez, itxita egon diren bakarrak Dima eta Elgeta izan dira, eta ordu honetan itxita jarraitzen dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie errepideen neguko planean lan egiten duten langile guztiei eta Larrialdi Zerbitzuei, gauean hasita egindako esfortzu eta lanagatik. Era berean, eskerrik asko aholkuak jarraitu dituzten herritarrei, garraio pribatua gutxiago erabiliz eta arreta bereziz jarduteko jarraibideak betez.

Bizkaiko Foru Aldundiaren errepideen neguko planean 381 profesional daude lanean guztira, besteak beste gidariak, laguntzaileak, zaintzaileak eta beharginak, eta horien guztien lanari esker Bizkaiko errepideetatik segurtasun-baldintzak betez zirkulatu daiteke. Horretarako, elurra kentzeko 76 makina daude guztira, 9.725 gatz-tona eta 140 m³ 19 zulotan, 9 pilaketetan, 4 biltegietan eta erreserbarako biltegi handi batean banatuta.