2018(e)ko otsailaren 06(a) 12:21

Bizkaiko Foru Aldundiak datu irekien zerbitzu berria jarri du martxan

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak datu irekien atari digital berri bat du, eta bertan eskuragarri daude kontratuekin, inbertsioekin, aurrekontuekin, ondasun higiezinekin edo lanpostuen zerrendarekin lotutako datuak, beste batzuen artean. Modu horretan, foru erakundeak herritarrentzat eskuragarri jarriko du datuen katalogo hori berriz ere erabiltzeko aukera, garatzaile edo enpresen bitartez. Hala, katalogo hori handitzeko helburua dago hurrengo hilabeteetan datuen fitxategi berriak txertatuz.

Open data edo datu irekien filosofiaren oinarria erakunde publikoek kudeatzen dituzten datuak formatu berrerabilgarrietan herritarrentzat eskuragarri jartzea da, beste pertsona batzuek horiek aprobetxatu ahal izateko (ikerketarako lan-taldeek, komunikabideek, enpresek, etab). Hori guztia aplikazioak garatzeko eta gizarteari zerbitzuak emateko.

Era berean, tresna horren bitartez administrazioek aurrera egin dezakete gardentasunaren eta gobernu onaren alorretan, eta eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen kalitatea hobetzen joateko aukera dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren datu irekien webgune berrian 3 hizkuntza hauetan nabigatu daiteke: Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Proposatutako irtenbide teknologikoaren egitura software libre baten plataforman eratuta dago, datu irekien kudeaketan eta argitaratzean espezializatuta dagoena: CKAN. Plataforma hori aukeratzeko foru erakundearen politikaren ildoari jarraitu zaio, hau da, kode irekidun tresna bat erabiltzea proiektuaren helburu hauek betetzen diren heinean: Bizkaiko Foru Aldundiaren datuak herritarrentzat eskuragarri jartzea formatu berrerabilgarrietan eta erabilera-baldintzei dagokienez mugarik ez izatea.

Emandako informazioa % 100 berrerabilgarria da, eta datuen kalitatea lehenetsi da kantitatearen aurretik. Gainera, sektore publikoei zuzendutako metadatuen Europako estandarrak betetzen ditu, besteak beste DCAT-AP eta hiri inteligenteentzako datu irekien UNE178301: 2015 araua. Argitaratutako datuetako artxibategiak behin deskargatu ondoren, lurraldeko bi hizkuntza ofizialetan berrerabili daiteke informazioa.

Atariaren diseinua responsive formatuan egin da, eta hala, Interneten erabileraren eta gailu mugikorren erabileraren errealitate teknologiko berriei egokitzen zaio, herritarrek edozein gailuetatik (finkoak edo mugikorrak) informazioa eskuratzea orokortzeko helburuarekin. Horrez gain, identifikatzaile lagunkoien sistema bat ezarri da, eta horri esker, erabiltzaileek datuen artxibategietarako sarbidea izango dute nabigazio-helbide sinpleen bitartez.

Azterketa berrien arabera, datuetan oinarritutako jarduera ekonomikoa hazten doan nitxoa da. Gaur egun, Estatuan tokiko eta eskualdeko izaeradun 150 ekimen daude, eta 14.750 datu-multzo dituzte eskuragarri. Estimazioen arabera, 2016 eta 2020 urteen artean, datu irekien sektoreak % 37 egingo du gora Europa osoan.

Informazio gehiago: www.opendatabizkaia.eus/eu/


Bideoak


Audioak