2018(e)ko urtarrilaren 31(a) 11:25

Aldundiak onetsitako bere langileentzako prestakuntza planean gardentasuna eta kontratuen lege berria bezalako gaiak landuko dira

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Atzoko Gobernu Kontseiluaren bileran Bizkaiko Foru Aldundiaren pertsonalarentzako Prestakuntza Plana 2018 onetsi zen. Plan honen xedea publikoari zerbitzu hobea eskaintzea eta berdintasunean, gardentasunean eta hurbiltasunean aurrera egitea da. Plan hau urtero onesten da 1989tik; 2017an guztira 393 ikastaro garatu ziren eta horietan parte hartu zuten pertsonak 2.682 izan ziren. Erabiltzaile horien kalifikazioaren arabera jaso duten prestakuntza oso ona izan da. Aldundiaren eta HAEEren arteko lankidetza hitzarmenari esker prestakuntza ikastaroetara joango diren pertsonek ziurtagiri bat jasoko dute; hori lortzeko amaierako froga bat gainditu beharko da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak atzo egin zuen bileran bere pertsonalarentzako 2018ko Prestakuntza Plana onetsi zuen; berrikuntza moduan, aurten gardentasuna eta aurtengo martxoan indarrean jarriko den sektore publikoaren kontratuei buruzko legea bezalako gaiei buruzko zeharkako prestakuntza eskainiko da. Onetsi den Prestakuntza Planari dagokionez, aldi berean, azpimarratu behar da proposamen osoa eta diziplina askotakoa dela, administrazio berdinzalean, gardenean eta hurbilekoan jendeari zerbitzurik onena eskaintzeko hobeto prestatuta dauden profesionalak lortu nahi dituena.

Aurtengo prestakuntzako eskaintza aldez aurreko fase baten beharrizanak detektatu ondore diseinatu da; aurretiazko fase horretan antolakuntza osoak parte hartu du. Alde batetik, antolakuntzako pertsona eta unitate guztiak ukitzen dituen zeharkako prestakuntza ematen da, zeharkako baloreei eta proiektuei lotuta dagoena. Beste alde batetik, kasuan kasu burutzen den zerbitzuaren beraren eskaintza propioa dago, bereziki eduki teknikoak izaten dituena eta, halaber, karrera profesionalean aurrea egiteko arlo bat erreserbatzen da.

Ikastaroak gaztelaniaz, euskaraz edo bi hizkuntzetan emango dira. Aldi berean, modalitateei dagokienez presentzialak eta online erakoak konbinatuko dira, eta ahalegin garrantzitsua egin da bigarren modalitate horretan pertsona gehiagorengana, hala kopuruan nola kokapen geografikoan, iristeko aukera ematen duelako eta, hori ez ezik, lehentasunezko elementua delako bizitza pertsonalaren kontziliaziorako.

Beste alde batetik, eta HAEErekiko harreman bikaina dela aprobetxatuz, Aldundiak luzatu egin du erakunde horrekin harpidetu zuen hitzarmena 2018ko Plana eratzen duten prestakuntza-ekintza guztietarako ziurtagiria lortzeko. Horrela hala ikastaro presentzialetan nola online egiten direnetan ziurtagiri hori lortzeko, ikastaro guztien amaieran irakaskuntzaren ardura duenak ezarriko duen froga gainditu beharko da eta, halaber, gutxienez ikastaro horren orduen % 80 beteta eduki beharko dira.

2017an 393 ikastaro, batezbeste oso ondo notarekin

Iaz, 2017an, guztira iraupen desberdinetako 393 ikastaro eman ziren eta prestakuntzara iritsi ziren pertsonak 2.682 izan ziren; bertaratu ziren pertsonen artean % 57 emakumeak izan ziren. Esan behar da ikastaroen kopurua aurreko urtekoa baino apur bat baxuagoa izan dela, baina prestakuntza jaso duten pertsonena altuagoa izan da irakaslegoaren eta ikastaroak ematen diren lokalen kudeaketa hobetu delako. Ikastaro horietatik 266tan bertaratu ziren pertsonen lanpostuei lotutako ezagutzak landu ziren eta beste 67 ikastaro mikroinformatikari buruzkoak izan ziren. Mota honetako prestakuntza funtsezkoa da zerbitzu publikoen garapen zuzenerako eta asistentzien gehiengo ia osoa metatu du.

Gainerako ikastaroak asistentzia askekoak izan ziren, hau da, ez zeuden lanpostuaren edukiari lotuta, karrera profesionalaren edukiari baizik, eta besteak beste ezagutza orokorrei eta informazioaren teknologiei buruzkoak izan ziren. Aparteko atal baten kokatu behar da Prebentzio eta Suhiltzaile Zerbitzuaren lan-poltsara iristeko eta poltsa hori eratzeko berariazko prestakuntza; arlo horretan ez dago prestakuntza arauturik eta Arkauteko Ertzaintzaren eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren lankidetzarekin eman da; ikastaro horren iraupena 420 ordukoa izan da.

Langileek jaso duten prestakuntzaren balorazioari dagokionez adierazten dute oso ondo dagoela eta, adibidez, asetasun orokorra, irakasleak, helburuen lorpena eta metodologia bezalako alderdiak kalifikatzen dituzte.