2017(e)ko abenduaren 19(a) 10:09

Toki administrazioentzako datu babeserako V. jardunaldia antolatu da BiscayTIKen

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gardentasunerako eta Gobernu Onerako zuzendari nagusi Nerea Martiartuk, letradu instruktore Román Intxaurtietak eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Fitxategien Erregistro eta Kontu-ikuskaritza Zerbitzuko buru Pedro Alberto Gonzálezek Bizkaiko udal eta mankomunitateen ehun ordezkariren baino gehiagoren aurrean aurkeztu dituzte administrazio publikoentzat eratorritako obligazioak, Europar Parlamentuak eta Kontseiluak onartutako eta 2018ko maiatzaren 24tik aurrera betetzea derrigorra izango den Datuen Babeserako Araudi Orokor berriari dagokionez.

Jardunaldiaren irekiera

Topaketa BiscayTIKen auditoriumean egin da, eta horri hasiera emateko bertan izan dira DBEBren zuzendari Margarita Uria, BiscayTIKeko zuzendari Alaitz Etxeandia eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Zuzendaritza Batzordeko idazkari Esteban Umérez.

"Toki Administrazioaren eta Datuen Babesaren V. jardunaldi irekia" Bizkaiko Foru Aldundiak, BiscayTIK Fundazioak, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak eta Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak antolatu dute. Testuinguru gisa balio izan du Europako legedi eredu berria xehakatzeko, pertsona fisikoen babesari eta horien datu pertsonalen tratamenduari dagokienez, eta Datuen Babeserako ordezkariaren (DBO) zeregina jorratu du; figura berri horrek artxiboetako datuak tratatu eta gordetzeko egiturak eta moduak aldatzera behartuko ditu administrazioak. Araudi berriaren arabera, agintari eta erakunde publiko guztiek DBO bat izendatu behar dute, eta hori izendatzeko irizpideak, erakundean izango duen lekua eta beteko dituen funtzioak argi ezartzen ditu; horrez gain, irizpide independentea eta interes-gatazkarik gabea duela bermatu beharko da.

Datu pertsonalen babesean izandako aldaketen inguruan, aipamen berezia egin zaio interesdunei jakinarazteko dagoen obligazioa zabaltzeari; horrek informazio-klausulak egokitzea eta onarpen isila debekatzea ekarriko du.

Ekitaldiaren bigarren zatian, gardentasunaren eta datuen babesaren arteko harreman konplexua jorratu da, eta Euskal Bulegoak tramitatutako hainbat kasu praktiko azaldu ziren; horrez gain, 2018an indarrean sartu litezkeen legegintza-berritasun batzuk aurreratu ziren.

Azalpenen amaieran, galderak egiteko txanda ireki da. Udal eta mankomunitateen ordezkariek zalantzak eta kezkak agertzeko eta horiek argitzeko aukera izan dute. Solasaldia Bizkaiko Abokatuen Elkargoko ordezkari Jesús Solerrek moderatu du.


Argazkiak