2017(e)ko azaroaren 20(a) 12:20

Foru Aldundiak kontratazio publikoari buruzko jardunaldi bat antolatu du Bizkaiko udalerrientzat

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Ibone Bengoetxea diputatua arduratu da ekitaldia irekitzeaz, eta José María Gimeno Feliú adituak parte hartu du; oraintsu onetsi den Sektore Publikoko Kontratuen Legeak dakarren testuinguru berria aztertzea izan da helburua.

Kontratazio publikoari buruzko jardunaldia

Gaur goizean, BiscayTIK fundazioak jardunaldi tekniko bat antolatu du urrian onetsi den Sektore Publikoko Kontratuen Legearen ondorio praktikoak eta berritasunak aztertzeko eta BiscayTIK-ek lizitazio elektronikoaren arloan lurraldeko toki-erakundeentzat garatutako soluzio teknologikoa aurkezteko.

Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua arduratu da ekitaldia irekitzeaz, non kontratazio-prozesua telematikoki kudeatzeko BizkaiTIK fundazioak garatutako tresna ezagutarazi den. Bengoetxeak azpimarratu duenez, bai Bizkaiko Foru Aldundiak bai lurraldeko udalek aurrea hartu dute lege berria indarrean sartu baino lehen. Tresna hori doakoa, segurua eta egiaztatua da, udalen arteko teknologia-bretxarik ez egoteko lagungarria izango dena. Tresna berri horren bidez, kontratazio-prozesuak hasieratik amaierara egin ahal izango dira internet bidez, beste edozein izapide bezala, dagoeneko Bizkaiko Foru Aldundian egiten den moduan.

Jardunaldiaren bigarren zatian, arlo honetan estatu mailako erreferentea den José María Gimeno Feliú adituak parte hartu du, eta azaldu du zer berritasun ekarri dituen Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta nolako eragina duen toki-erakundeetan. Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/23/EB eta 2014/24/EB Direktibak ekartzen dira estatuko ordenamendu juridikora. Lege berrian, zenbair alderdi sartzen dira: adjudikazioaren prozedura sinplifikatuak eta buletinetako publizitatearen desagerpena.


Argazkiak