Ehun bat gizarte erakundek hartu dute parte Aldundiak Gardentasunari buruzko Foru Arauaz antolatutako jardunaldi tekniko batean

30.01.2017 14:00

Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuak eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuak eman zioten hasiera jardunaldiari. Hitz egiteko txanda hartu zuenean, Isabel Sánchez Roblesek nabarmendu zuen Bizkaian gardentasunaren kultura sustatu beharra; Ibone Bengoetxeak, berriz, azpimarratu zuen ez dela nahikoa gobernua gardena izatea, beharrezkoa dela diru publikoa jasotzen duten sektoreak ere gardenak izatea.

Ordezkari instituzionalen hasieraren ondoren, Gardentasunari buruzko Foru Arauaren edukia azaldu zitzaien parte hartu zuten erakundeetako ordezkariei, eta arauak erakunde pribatuei dakarzkien betebeharren berri eman zitzaien. Horrez gainera, jakinarazi zitzaien zer laguntza-tresna prestatu dituen Bizkaiko Foru Aldundiak betebehar horiek errazago betetzeko. Nerea Martiartu Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako zuzendari nagusia eta Diego Álvarez Aholkularitza Teknikorako Ataleko burua arduratu ziren jardunaldiaren atal honetaz. 

Jardunaldiaren bigarren zatian, publikotasun aktiboaren arloko praktika onei buruzko bi adibide aurkeztu ziren. Batetik, Ramón Bernal Lantegi Batuak erakundeko finantza-zuzendariak eta, bestetik, Borja Doval Elkarbanatuz erakundeko zuzendariak azaldu zituzten beren erakundeetan gardentasunaren eta publikotasun aktiboaren arloan izandako esperientzia eta egindako lana. Sergio Murillo Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendariak ere parte hartu zuen saioan, moderatzaile aritu baitzen.

Saioaren arrakasta handia ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak asmoa du hemendik gutxira beste jardunaldi tekniko bat egiteko.