Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Gobernu Irekiaren Munduko Bileran parte hartu du Parisen

13.12.2016 12:00

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Gobernu Irekiaren Munduko Bileran parte hartu du gaur Parisen. Unai Rementeria "Gobernu irekitik estatu irekira" panelean izan da Jean Vincent Placé Frantziako Estatu Sinplifikazio eta Erreforma ministroarekin, Ana Gabriel Costa Ricako Herritartasun eta Kanpo Gaietarako ministro ordearekin, Emily O’Reilly Europako herriaren babeslearekin eta Involveko zuzendari Simon Burallekin. Ahaldun Nagusiak defendatu duenez, gobernu irekia politikaren aliaturik onena da herritarrek bizitza publikoan izandako konfiantza berreskuratzeko.

Nik politikan sinesten dut gauzak aldatzeko eragile gisa, baina aldaketarako tresnarik garrantzitsuena pertsonak dira, herritarrak. Politikan konfiantza izatea lortu behar dugu, politikara itzultzea. Eta horretarako gobernu irekia da gure aliaturik onena. Erronka komunetan aurrera egiteko beste herrialde eta eskualde parte hartzaile batzuekin lanerako ildoak zabalik izatea adostu dugu azaldu du Rementeriak.

Mundu osoko beste 70 herrialderekin batera Bizkaiko Foru Aldundiak nazioarteko bilera garrantzitsu honetan parte hartzeak argi uzten du ondo ari garela gobernu irekia den politikagintza berri honetan gehitu du Ahaldun Nagusiak; atzo Frantziako presidente Hollandek abiatutako inaugurazio ofizialean izan zen Rementeria, eta bertan Barack Obamaren mezu bat ere jaso zuten.

Ez gatoz soilik entzutera; parte hartze aktiboa izateko ere etorri gara. Gainerako parte hartzaileei Bizkaiko bi jardun on azaltzeko eskatu digu ELGAk: Batetik, herritarren aurrean egiten den kontu ematea; bestetik, BiscayTIK Fundazioaren esperientzia, teknologia udalen zerbitzura jartzen duena gobernantza hobea izate aldera.

Egindako adierazpenetan Bizkaiko agintari nagusiak futbolari lotutako pasarte bat baliatu du ikus-entzuleei Bizkaia nolakoa den azaltzeko: L’Equipe taldeak Athletic gure taldea nola definitu zuen gogoratu nahi dut: kasu bakarra, paregabea mundu osoan, euskal jokalariekin baino ez baitu jokatzen. L’Equipek kontatutako istorio polit hori Bizkaiak irudikatzen du. Lurralde txikia gara, Parisko auzo bat ia, baina eskumen eta autogobernu maila oso altua daukagu: legebiltzar propioa daukagu, geure legeak onartzen ditugu, zergak biltzen ditugu eta gure fiskalitatea finkatzen dugu. Eta zerga horiekin lurralde modernoa eraiki dugu, zerbitzu publiko oso aurreratuekin; ondo eta seguru bizi gara bertan. Lurralde egonkorra, irekia, erabat europarra eta hizkuntza propioa duena, euskara alegia.